Ekonomia -
Bizkaibus
Vectalia Txorierriko enpresa batzordeak bertan behera utzi du gaurko greba, beste proposamen bat bozkatzeko
Eusko Jaurlaritzak bitartekari lanak egin ditu gatazkan, eta azken testu bat helarazi zion atzo, igandearekin, enpresa batzordeari. Proposamena onartzen duten bozkatu beharko dute langileek asanbladan.
EITB MEDIA
Bizkaibusen enpresa emakidaduna den Vectalia Txorierriko langileek asanbladan erabaki beharko dute hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako azken proposamena. Hala, erabaki bitartean, gaurko deituta zegoen lanuztea bertan behera uztea erabaki du enpresa batzordeak.
Goizeko zein arratsaldeko txandetan bozkatzeko ordutegia (09:30ean eta 16:00etan) ezarri du enpresa batzordeak.
Bilboko Aireportuko linean zerbitzua eskaintzen duen enpresak lan-hitzarmen berrirako negoziazioak izan zituen joan den astean, Eusko Jaurlaritza bitartekari gisa aritu zela. Egun horietan, lanuzte- eta greba-deialdiak bertan behera geratu ziren, baina, akordiorik ezaren ondorioz, protestei berriro ekitea erabaki zuten. Bart, baina, Jaurlaritzaren beste proposamen bat jaso zuten langileen ordezkariek, eta astelehenerako deitutako greba bertan behera utzi zuten, UGT sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez.
Dena dela, beste zortzi greba egun deitu dituzte.
Gaur egun, Vectalia enpresa emakidaduneko Bizkaibusen lineetan bakarrik jarraitzen dute lanuzte eta grebak egiten, akordiorik ez dutelako lortu. Martxoan, KPIari lotutako soldata igoeraren inguruko aurreakordioa lortu arren, negoziazioak berriro blokeatu dira.