Ekonomia -
Nafarroa
Gazte bat oso larri zauritu da Burlatako Iturrondo industrialdean izandako lan istripu batean
Foru Gobernuak emandako lehen informazioen arabera, langileak traumatismo torazikoa izan du, makina jasotzaile batek harrapatu ostean.
Agentziak | EITB Media
22 urteko gazte bat oso larri zauritu da ostiral honetan Burlatako Iturrondo industrialdeko 6. zenbakian lan stripua izan ostean.
SOS Nafarroa 112 zerbitzuko larrialdiak kudeatzeko taldeak 11:20an jaso du istripuaren berri, eta Iruñeko suhiltzaileak, bizi euskarri aurreratuko anbulantzia bat, Burlatako Osasun Zentroko mediku bat, Burlatako Udaltzaingoaren patruilak eta Foruzaingoaren Herritarren Segurtasunerako Brigadako agenteak bertaratu dira.
Foru Gobernuak emandako lehen informazioen arabera, istripua izan duen langileak traumatismo torazikoa izan du, makina jasotzaile batek harrapatu ostean.
Osasun zerbitzuek bertan artatu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute, oso larri.
Iparraldeko Brigada Judizialeko eta Foruzaingoko Polizia Zientifikoko agenteak gertakariaren nondik norakoak ikertzen ari dira, oraindik ez baitakite zerk eragin duen.