Ekonomia -
Lan gatazka
Legutioko CIE Automotive Goiaineko langileek greba mugagabea hasiko dute gaur
30 langile ditu lantokiak, ELAk ordezkatzen dituenak, eta lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira. Plantillaren aldarrikapen nagusien artean daude KPIaren araberako soldata igoerak, urteko lanaldia 1.700 ordutik behera murriztea eta soldata taulak berrikustea.
EITB Media
CIE Automotive Euskal Herriko multinazionalaren Legutioko CIE AUTOMOTIVE GOIAIN lantokiko langileek greba mugagabea hasiko dute gaur, maiatzak 15, lan baldintzak hobetzea aldarrikatzeko.
30 langile ditu lantokiak, ELAk ordezkatuak, eta lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira. Sindikatuaren arabera, plantillaren aldarrikapen nagusien artean daude KPIaren araberako soldata igoerak, urteko lanaldia murriztea (1.700 ordutik behera) eta soldata taulak berrikustea.
ELA sindikatuak gogorarazi duenez, CIE Automotivek "90 milioiko emaitza garbia izan du aurtengo lehen hiruhilekoan, hau da, aurreko ekitaldiko aldi berean baino % 9,6 gehiago, eta ustiapenaren emaitza gordina 179,3 milioikoa izan da, hau da, iazko lehen hiruhilekoan baino % 13,8 handiagoa".