Ekonomia -
LEHORTEA
Lehorteak kaltetutako nekazarientzako 784 milioi euroko laguntzak onartu ditu Espainiako Gobernuak
Lehen sektoreari laguntzeko neurri horien artean daude, diru-laguntza zuzenak, zerga beherapenak, eta maileguak eta finantzazio bideak.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Gobernuak lehorteari aurre egiteko neurriak onartu ditu, Ministroen Kontseiluak gaur goizean egin duen ezohiko bileran. Zehazki, lehortea jasaten ari diren lehen sektoreko nekazari eta abeltzainentzat 784,2 milioi euroko balioa duten hamar neurri sorta onetsi ditu. Horien artean daude, diru-laguntza zuzenak, zerga beherapenak, eta maileguak eta finantzazio bideak.
Laguntza zuzenen arloan, lau partida nagusi aipatu ditu Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak: nekazariek lehorteari aurre egiteko dituzten aseguruak ordaintzeko % 70eko diru-laguntza, 355 milioi euro haragiaren eta esnearen sektorean ari diren abeltzainei bideratzeko, 276,7 milioi nekazaritzarako, eta 5 milioi apikulturarako.
Zerga alorrean, lehortearen eraginez beren etekin garbia % 20-30 murriztu duten nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsiko ditu.
Halaber, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) murrizketak aplikatuko zaizkie moduluen sistemaren arabera zergak ordaintzen dituzten nekazari eta abeltzainei.
Bestalde, gaurko neurriek ahalbidetuko dute enpresa eta autonomoentzako gizarte kuotak atzeratzea eta nekazaritzako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoak diren gutxieneko lanegunak murrizte.