Ekonomia -

Hitzarmen ituna

Horrelakoa da sindikatuek eta patronalak 2025era arte sinatutako soldata akordioa

Besteak beste, itunak % 4ko soldata igoera ezartzen du 2023an, eta % 3koa 2024an eta 2025ean.

Negoziazio kolektiborako akordio berria sinatu zuten asteazken honetan. Argazkia: EITB Media
Negoziazio kolektiborako akordio berria sinatu zuten asteazken honetan. Argazkia: EITB Media
Negoziazio kolektiborako akordio berria sinatu zuten asteazken honetan. Argazkia: EITB Media

Itxaso Leon Kareaga | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE-Cepyme patronalak enplegurako eta negoziazio kolektiborako akordioa (AENC) sinatu dute. Horren arabera, soldatak % 4 igoko dira 2023an eta % 3 2024an eta 2025ean, eta % 1eko berrikuspen klausula ezarriko da, inflazioaren arabera.

Sindikatuek eta enpresaburuek 2023-2025 aldian "ekonomia suspertzen, enplegua sortzen eta Espainiako enpresen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duen soldata politika" gauzatzeko asmoa adierazi dute akordio horretan.

Jarraian, hitzarmenen itun berriak jasotzen dituen puntu nagusiak ezagutuko ditugu:

Soldatak

- 2023an % 4ko soldata igoerak, eta 2024rako eta 2025erako, % 3koak

- % 1eko soldata berrikuspenaren klausula, inflazioaren arabera

- Soldata osagarriak genero ikuspegia kontuan hartuta ordenatu eta sinplifikatzea

- Askotariko ordainsari sistemetarako irizpide objektiboak

- Negoziazio kolektiboan ordainsari malguko formulak kontuan hartu ahal izango dira

Soldaten inguruan hartutako erabakiak. Argazkia: EITB Media

Kontratazioa

Gizarte eragileek kontratazioaren arloan eman dituzten gomendioek lotura zuzena dute Espainiako Gobernuarekin adostu zuten lan erreformarekin.

- Aldizkako finkoak: hitzarmen kolektiboen bidez "kontratu mota horren birtualtasun osoa" garatzea

- Lanaldi partzialeko kontratu mugagabea, enpresen eta langileen malgutasun premiei erantzuteko tresna gisa

- Gazteen eta enplegu trantsizioan dauden pertsonen kontratazioa bultzatzea, prestakuntza kontratuen eta prestakuntza dualaren bidez

Erretiro partziala eta errelebo kontratua

- Errelebo kontratuarekin erretiro partziala hartzea aitortzea eta abian jartzeko mekanismoak bultzatzea

- Erretiro mailakatu eta malguko formulak bultzatzea, bizitza aktibotik lan erretirora igarotzea errazteko

Beste batzuk

- Mutualitateen baliabideak hobeto aprobetxatzea, "osasun zerbitzu publikoen egungo eskumenak aldatu gabe"

- Negoziazio kolektiboan telelanaren inguruko akordioa garatzea eta enpleguko pentsio planak sustatzea

- Lanalditik kanpo deskonexio digitalerako eskubidea aitortzea

- Enplegu erregulazioko espedienteak defendatzea, enplegua ez suntsitzeko mekanismo alternatibo gisa

Hitzarmenak

Sindikatuek eta enpresaburuek adostu dutenaren arabera, aipatutako guztia gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna, sexu indarkeriaren prebentzioa eta lan arriskuen prebentzioaren kultura sustatzeko esparruan aplikatuko da, bai eta LGTBI pertsonentzako lantoki integratzaileak bultzatzeko esparruan ere.

Azpimarratu dutenez, oraindik hitzarmenik itxi ez duten sektore eta enpresetan negoziazioei ekiteko garaian, "beren eremuko egoera eta errealitatea oinarri hartuta bilatuko dira irtenbideak". Izan ere, alderdiek soldata egituren "arrazionalizazioa" sustatu nahi dute hitzarmenetan, ordainsarien gardentasunaren eta balio bereko lanengatik ordainsari berdina izateko printzipioak integratuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua bideoak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Sindikatuen azken ordukoa Enpresaburuak Langile Komisioak azken ordukoa UGT Langileen Batasun Orokorra Soldatak gaur CEOE