Ekonomia -

2022ko urteko txostena

Espainiako Bankuak kritikatu egin ditu pentsioen erreforma eta Etxebizitza Legea

Bestalde, erakundeak krisiaren kontrako neurriak apurka-apurka kentzen hasteko gomendatu du.

Espainiako Bankuko egoitza, artxiboko argazki batean. EFE
Espainiako Bankuko egoitza, artxiboko argazki batean.
Espainiako Bankuko egoitza, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inflazioari aurre egiteko hartutako neurriak apurka-apurka kentzen hasteko gomendioa eman du Espainiako Bankuak, eta azpimarratu du neurri horiek zaurgarrienei zuzenduta izan behar direla, ez orokorrak. 

"Inflazio handiko testuinguruan, zerga politikaren maila ezin da diru politika gogortzearekin bateraezina izan", adierazi du Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadoreak gaur "2022ko urteko txostena" aurkezteko ekitaldian. Hori horrela, erakundeak uste du aurten bertan zerga kontsolidazioaren plan bat jarri behar duela martxan Gobernuak. 

Krisiaren eraginak arintzeko neurri eta laguntzen harira, arautzaileak gogorarazi du behin-behinekoak izan behar direla, eta kolektibo zaurgarriei zuzenduak. Era berean, energia gutxiago kontsumitzeko laguntzak bere horretan utzi behar direla erantsi du. 

Inflazioaren gorakadari aurre egiteko neurriak —besteak beste, produktu batzuei BEZa jaistea edo kentzea, familientzako edo enpresentzako dirulaguntzak— pixkanaka-pixkanaka erretiratzearen alde mintzatu da, nazioarteko prezioak jaisten doazen heinean. 

Espainiako Bankuaren aburuz, 2022-2023. urteetan krisiaren kontra martxan jarritako neurriek inflazioari eusten lagundu zioten iaz, eta hala egingo dute 2023an ere. Hori bai, neurriak kenduta, prezioek, batez ere 2024an, gora egingo dutela aurreikusi du. Zehazki, KPIa 1,5 puntu haziko dela iragarri du. 

Etxebizitza legearen ondorioak

Horrez gain, ohartarazi du Espainiako Gobernuak onartu berri duen Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legean jasotako neurri batzuek, hala nola alokairuen prezioa mugatzeko erabakiak, epe ertainera "ondorio kaltegarriak" izan ditzaketela. 

Horren arabera, literatura ekonomikoak jasota du prezioen kontrola eraginkorra izan daitekeela epe laburrean, baina epe luzera kontrako ondorioak izan ditzakeela eskaintzan eta higiezinen merkatua zatitu dezakeela. 

Finantza erakundearen esanetan, alokairuaren eskaintza publikoa handitu behar da, baina eskaintza pribatuaren babesa ere beharrezkoa dela nabarmendu du. 

Pentsioak

Azkenik, Hernandez de Cosek esan du pentsioen sistemaren jasangarritasun finantzarioa indartzeko "neurri gehiago" hartu beharko direla 2025etik aurrera. 2021etik pentsioen sisteman egindako erreformen ondorioz, "gastu betebehar handiagoei" egin beharko diete aurre, horren ustez, eta gastuok ez dira guztiz diru-sarrerekin konpentsatuko. 

Horri guztiari, kotizazioen igoerek enpleguan, soldatetan eta lehiakortasunean eragin dezaketen "ziurgabetasuna" gehitu behar zaio, Hernandez de Cosen iritzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Espainiako Gobernua Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak Etxebizitza