Ekonomia -
Soldatak
Espainiako patronalak eta UGTk onartu egin dute 2025era arte adostutako soldata igoera
CCOOk, aldiz, astearte honetan bilduko bere zuzendaritza aurreakordioari babesa emateko.
Agentziak | EITB Media
CEOE Espainiako patronalaren batzorde exekutiboak eta UGT sindikatuaren zuzendaritza organoak oniritzia eman diote ostiralean soldaten igoeraren inguruan adostutako akordioari.
Onespena aho batez hartu dute enpresaburuek, eta ez omen da kritikarik izan, patronalaren iturriek nabarmendu dutenez.
UGTko zuzendaritzaren batzarrak ere aho batez hartu du erabakia. Horren arabera, adostutako soldata igoerak sindikatuaren planteamenduekin "bat datoz" eta, gainera, KPIari soilik dagokion berrikuspen klausula bat gehitu da. "Aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea ahalbidetuko duen abiapuntua da ", gaineratu du.
CCOOk, bere aldetik, bihar egingo du zuzendaritza bilera aurreakordioari babesa emateko.
Hiru aldeek adostutakoaren arabera, datozen hiru urteotan soldatak % 10 igoko dituzte: % 4 aurten eta % 3, berriz, 2024an eta 2025ean. Halaber, 2026tik aurrera, soldatak gutxienez % 1 igotzeko bermea ere jasoko luke akordioak.
Bi aldeek hitzartutako zirriborroak soldatak KPIaren arabera berrikusteko klausula bat ere badu. Hala, prezioak aurreikusitakoa baino gehiago haziko balira, hurrengo urteko igoeran % 1era arteko gorakada bat aplikatuko litzateke. Hau da, 2023ko abenduan urte arteko KPIa % 4tik gora igotzen bada, hurrengo urteko soldata igoera gehienez % 1 handiagoa litzateke (aurreikusitako % 3+1)
Sektorearen egoerara egokitzeko beharra
Dena dela, itunak jasotzen duenez, lan hitzarmenak negoziatzen ari direnek sektorearen inguruabarrak hartu beharko dituzte aintzat soldaten igoera zehazteko. Enpresen eta sektoreen artean "ezberdintasun handiak" daudela eta enplegua sortzea edo berau mantentzea bermatu behar dela jasotzen du testuak.
Negoziazio kolektiborako eta enplegurako akordioaren negoziazioa ez atzera ez aurrera zegoen iazko maiatzetik. Orduko hartan, patronalak uko egin zion inflazioaren araberako soldata igoerak berrikusteko klausula txertatzeari.