Ekonomia -
Soldatak
Espainiako patronala gaur bilduko da soldaten igoerari buruzko aurreakordioa berresteko
CEOEk eta UGT eta CCOO sindikatuek ostiralean itxi zuten aurreakordioa, baina asteburuan negoziatzen jarraitu dute, jakinarazi dutenaren arabera, soldatak aurten % 4 eta 2024an eta 2025an % 3 igotzeko.
Agentziak | EITB Media
CEOE Espainiako patronalak bere batzorde exekutiboa bilduko du gaur, astelehenarekin, ostiralean soldaten igoerari buruz itxitako aurreakordioa berresteko.
Bi aldeek negoziatzen jarraitu dute asteburuan, itunaren hainbat "xehetasun" ixten saiatzeko. Ostiralean adostutakoaren arabera, datozen hiru urtean soldatak % 10 igoko dituzte: % 4 aurten eta % 3, berriz, 2024an eta 2025ean. Halaber, 2026tik aurrera, soldatak gutxienez % 1 igotzeko bermea ere jasoko luke akordioak.
"Akordiotik gertu gaude, xehetasunak daude zehazteko, batzuk garrantzitsuak", adierazi zuen ostiralean Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak. Aurreratu zuenez, ituna itxiz gero, asteon bertan bilduko dira sindikatuko zuzendaritza organoak akordioa onartzeko.
Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusiaren esanetan, "testua nahiko itxita" zeukaten, baina "guztiz hitzartu gabe".
Negoziazio kolektiborako eta enplegurako akordioaren negoziazioa ez atzera ez aurrera zegoen iazko maiatzetik. Orduko hartan, patronalak uko egin zion inflazioaren araberako soldata igoerak berrikusteko klausula txertatzeari.