Ekonomia -

Etxebizitza

35 urtetik beherakoei eta haurrak dituzten familiei hipotekaren % 20 bermatzeko abalak iragarri ditu Sanchezek

Kreditu Ofizialaren Institutuak emango ditu abalak. Neurria asteartean onartuko dute Ministroen Kontseiluan, eta Espainiako Estatuko "bizitoki-larrialdia" konpontzeko beste neurri batzuei gehitzen zaie "etxebizitza babestua handitzea" eta "lehendik dagoen etxebizitza birgaitzea", esaterako.

Pedro Sanchez, gaur. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez, gaur. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez, gaur. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du abal lerro bat sortuko duela Kreditu Ofizialaren Institutuaren (ICO) bidez, urtean 37.800 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten 35 urtetik beherako gazteei eta haurrak ardurapean dituzten familiei lehen etxebizitzaren hipotekaren % 20 bermatzeko. Gobernuak astearte honetako Ministroen Kontseiluan onartuko du neurri hori, "bizitegi-larrialdiari" erantzuteko asmoz.

"Etxebizitza gure lehentasunen erdigunean jarriko dugu", azpimarratu du Sanchezek Santa Cruz Tenerifekoan egindako ekitaldi batean, abal-lerroa iragarri ostean. Neurria beharrezkotzat jo du Espainian gazteek eta familiek "bankura joaten direnean etxebizitzaren sarrera ordaintzeko eta hipoteka bat eskatzeko dituzten zailtasunak" ikusita. 

Testuinguru horretan, presidenteak nabarmendu du etxebizitzaren arazoaren gakoa eskaintza handitzea dela, "etxebizitza babestuen eskaintza handituz" eta "lehendik dauden etxebizitzak birgaituz", eta ez "espekulatzea eta etxebizitza luxuzko ondasun bihurtzea".

Sanchezen ustez, neurri horiek beharrezkoak dira Espainian, etxebizitza babestuaren kopurua % 3 handitu eta Europako mailara irits dadin. Izan ere, Europan etxebizitza babestuen batez besteko kopurua % 9koa da. Hala ere, horrekin konformatu ez, eta, adibidez, Danimarka edo Suediako ekonomien mailan kokatzearen alde egin du: "Nik nahi dudana da Espainia horiek bezalakoak izatea, etxebizitzen % 20 babestuak izatea".

Hori izango da Sanchezek datorren hamarkadarako jarritako "kausa nazional nagusia". "Baliabide eta tresna guztiak jarriko ditugu etxebizitza duin eta eskuragarriaren alde", nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainiako Gobernua Hipotekak Kredituak berriak Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Etxebizitza