Ekonomia -

Errepideko garraioa

Kamioientzako zaintzapeko aparkalekuak: segurtasuna ala gastua?

Daramaten kargaren arabera, kamioilari asko behartuta daude zaintzapeko aparkalekuetan geratzera. Bezeroak edo aseguru-etxeak hala eskatzen diete, merkantzia lapurtzea saihesteko. Beste batzuentzat, ordea, ezinezkoa da geraleku horien gastuei aurre egitea.

Kamioientzako zaintzapeko aparkalekuak. Argazkia: EITB Media.
Kamioientzako zaintzapeko aparkalekuak. Argazkia: EITB Media.
Kamioien zaintzapeko aparkalekua: segurtasuna ala gastua?

4:12

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sarritan entzun dugu azkenaldi honetan garraio sektorean langileak falta direla, kamioilarien bizimodua oso gogorra dela eta dituzten lan-baldintzak gero eta eskasagoak direla. Azken finean, lanbide honek ez omen ditu gazteak erakartzen, eta erreleboa falta dela diote adituek, batik bat, nazioarteko garraioan.

Kamioilari askoren arduretako bat segurtasun falta da. Kamioiaren erregai-tangatik gasolioa lapurtzea ohikoa bilakatu da Europa osoan. Horrez gainera, garraiolariei eraso egiten dieten eta merkantziak osten dizkieten gaizkile-taldeak ugaritu egin dira. Hain zuzen ere, Espainiako Kargatzaileen Elkarteak (ACE) argitaratutako txosten baten arabera, Europan, Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Espainian izaten dira eraso gehien.

Ondorioz, atseden luzeak hesiekin itxita dauden eta zaintza-zerbitzua eskaintzen duten aparkalekuetan egitea eskatzen diete garraio enpresa askok kamioilariei. Aseguru-etxeek ere baldintza gisa jartzen dute horrelako lekuetan gaua pasatzea, batik bat garraiatzen duten merkantzia lapurrentzat erakargarria denean.

Gure errepideen inguruetan, horrelako hainbat geraleku daude, besteak beste, Castejonen, Imarkoainen, Ribabellosan, Gasteizen, Zierbenan, Trapagaranen, Irunen, Oiartzunen edota Astigarragan. Azken horrek Astigarragako Mowiz Truckek, ESPORG elkarteak ematen duen kamioientzako Europako aparkalekurik onenaren saria jaso du duela gutxi.

Kamioientzako zaintzapeko aparkalekuen mapa. Irudia: EITB Media.

Hotelak bezala, geraleku hauek ere eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera sailkatzen dira, lau kategoriatan: brontzezkoak, zilarrezkoak, urrezkoak eta platinozkoak. Hurrengo urteetan, Europa osoan zehar, zaintza zerbitzua eskainiko duten aparkalekuen sarea eraikitzeko asmoa dute Europako erakundeek eta ESPORG elkarteak, garraiolariei segurtasuna eta erosotasuna bermatzea eta gazteak lanbide horretara erakartzea helburu hartuta.

Kamioilarien iritzian, baina, aparkaleku horiek ez dira eurentzat konponbidea. Europara bidean, gure lurra zeharkatzen dutenei ondo etor dakiekela uste du Agustin Aranburu kamioilari hernaniarrak, baina berak, etxera datorrenean, kamioia modu seguruan aparkatzeko lekua behar du. "Gure herrietan kamioientzako plaza gutxi dago", erantsi du. Horren hitzetan, Tolosak eta Zarautzek udal aparkalekuak dituztela, baina salbuespenak dira.

Horrez gainera, zaintzapeko aparkaleku asko oso garestiak dira, horren ustez. "Gaur egun, autonomo batek ez du marjinarik gau batean horrelakoetan gelditzeko", azaldu du. Frantziara egiten dituen bidaietan, autobideetako atsedenlekuetan edota aparkaleku handiak eta seguruak dituzten jatetxeetan gelditzen da Agustin. "Horrelako makinak ezin dira edozein lekutan utzi, eta Europan bertan ere ez dago kamioilari guztiontzako behar adina leku", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan EAE Gaurko azken orduko albistea Europako herrialdei buruzko albisteak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko A8 autobidea gaur AP-68 autobideko istripuak gaur A-15 azken ordukoa Merkantzia-garraioa