Ekonomia -
Ostalaritza
Nafarroako ostalaritzako langileak grebara deituta daude San Fermin egunean, hitzarmen berri baten alde
Soldatetan eragina izan zuten pandemiaren murrizketen aurrean langileek izan zuten "erantzukizun bera" eskatu diete sindikatuek enpresei.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako ostalaritza sektorea grebara deituta dago uztailaren 1ean eta 7an, duela urte eta erdi iraungi zuen hitzarmena berritzeko borrokan, UGTk, CCOOk, ELAk eta LABek iragarri dutenez.
Nuria Velascok (ELA), Berta Garciak (LAB), Gorka Ariasek (CCOO) eta Amaia Villanuevak (UGT) batera salatu dute hitzarmenaren negoziazioan dagoen "blokeo" egoera. 20.000 langile ingururi eragiten die.
"Zalantzarik gabe, ostalaritza da pandemian murrizketengatik gehien sufritu duen sektoreetako bat, baina, aldi berean, gogorarazi behar dugu laguntza ekonomiko publikoak jaso dituen sektoreetako bat izan zela, egoera zail hori gainditu ahal izateko. Horregatik, uste dugu pandemia eta horren ondorioak ezin direla orain patronalaren aitzakia izan soldatak ez igotzeko", azaldu du Villanuevak.
Langileek azpimarratu dutenez, "2021eko urtarrilaren 1erako hitzartuta zegoen % 2ko soldata igoera atzeratu egin zen urte horretako azarora arte, murrizketen amaierara arte", eta "orain enpresei dagokie sektoreko langileek erakutsi genuen erantzukizun berarekin jardutea".
Sindikatuek 2024ra arteko hitzarmen bat eskatzen dute, erosteko ahalmena bermatzeko eta kontratu partzialak arautzeko mekanismoak izateko. Izan ere, sektorean lanaldi partzialeko kontratuak beharrezkoak dira, "zerbitzu espezifiko batzuk betetzeko, hala nola ekitaldiak", baina horrek "ezin gaitu eraman barra libre batera".
Bestalde, kontziliazioaren eta egutegiaren arloan aurrerapausoak eskatu dituzte; "sektore hau lan egiteko erakargarria ez bada, lana eta familia uztartzeko ezintasunagatik da", azaldu dute.