Ekonomia -
Iraunkortasuna
Munduko Atun Hirien Aliantza sinatu dute, Bermeon
Munduko zazpi hiritako ordezkariek etorkizunean espezie honen iraunkortasuna bermatzea helburu duen akordioa sinatu dute.
Agentziak | EITB MEDIA
Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatu dute gaur Bermeon, herrialde ezberdinetako zazpi hiritako ordezkariek. Akordio honen helburua etorkizunean espezie honen iraunkortasuna bermatzea da.
Bermeoko alkateak, Aritz Abaroak, adierazi duenez, akordio honek berebiziko garrantzia izango du atunaren iraunkortasunerako: "Urrats handia da tokiko gobernuen arteko lankidetza-esparrua lortzeko. Ustiapen- eta kudeaketa-praktika arduratsuak bermatuko ditu akordioak".
Bizkaiko herriaz gain, Manta (Ekuador), Victoria (Seychelleak), Pago (Samoa Estatubatuarra), Concarneau (Frantzia), General Santos (Filipinak) eta Majuro (Marshall Uharteak) hirietako ordezkariek osatu dute aliantza.