Ekonomia -
LANGABEZIA
Euroguneko langabezia % 6,5era jaitsi da martxoan, eta inoizko txikiena da
Europar Batasunean, berriz, langabezia tasa % 6koa izan da martxoan. Espainiak du 27 herrialdeen artean langabezia tasarik handiena, % 12,8koa.
AGENTZIAK | EITB Media
Euroguneko langabezia tasa hamarren bat jaitsi da martxoan, otsailekoarekin alderatuta, eta % 6,5ean kokatu da, Eurostat estatistika erakundeak gaur zabaldutako datuen arabera. 1998ko apiriletik eurogunean inoiz izandako langabezia tasa txikiena da.
Europar Batasunean, ostera, hirugarren hilabetez jarraian, % 6koa da langabezia tasa.
Eurostatek egindako kalkuluen arabera, 12,96 milioi langabe zeuden Europar Batasunean martxoan, horietako 11,01 milioi eurogunean. Urtebetean, 353.000 langabe gutxiago zenbatu dituzte Europar Batasunean, eta 365.000 gutxiago eurogunean.
Espainiak du 27 herrialdeen artean langabezia tasarik handiena, % 12,8koa, Greziaren (% 10,9) eta Italiaren aurretik (% 7,8). Aitzitik, langabezia tasa txikienak Txekiar Errepublikan (% 2,4), Alemanian (% 2,8) eta Maltan (% 3) dituzte.
Europar Batasuneko herrialde guztien datuak ikusita, Espainian dago gazteen artean langabezia altuena (% 29,5). Grezia (% 24,2) eta Italia (% 22,3) ageri dira sailkapen horretan hurrengo postuetan.