Ekonomia -
Araba
Azazetako parke eolikoa eraikitzeko baimena eman du Jaurlaritzak
Horretarako, baina, zenbait aldaketa egin beharko dituzte proiektuan. Bi urteko epea dute haize-parkea eraikitzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak Azazetako (Araba) parke eolikoa eraikitzeko administrazio baimena eman du, nahiz eta proiektuan zenbait aldaketa eskatu dituen, ingurumena babeste aldera. Bernedon, Arraia-Maeztun, Dulantzin, Iruraiz-Gaunan eta Donemiliagan izango du eragina egitasmoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak astelehenean argitaratu zuen Arabako Industria Administrazioko lurralde ordezkariaren ebazpena. Horrek ematen dio, hain zuzen ere, Aixeindar promotoreari parke eolikoa eraikitzeko baimena. Aixeindar 2019an sortu zuten Energiaren Euskal Erakundeak (% 40) eta Iberdrolak (% 60).
Baimenak zehazten du tramitazioa hasi zutenetik Jaurlaritzak aldaketak proposatu dituela proiektuan. Hasieran, 40 megawatteko zortzi aerosorgailu eskatu zituzten, eta orain ingurumena babesteko zenbait neurri.
Besteak beste, babestutako eremu naturalen saretik gertu (baina kanpoan) dauden hiru aerosorgailu lekuz aldatu beharko dituzte, flora babesteko. Horretarako, lurperatu egingo dute erdi tentsioko lineen zati bat, zuhaitzik moztu behar ez izateko.
Fauna babesteko neurriak ere hartu beharko dituzte. Adibidez, kutsadura akustikoari aurre egiteko eta aerosorgailuak gelditzeko sistemak eraiki beharrean daude, bai eta elektrokuzioaren kontrakoak ere.
Bestalde, Jaurlaritzak bi urteko epea eman dio Aixeindarri parkea eraikitzeko. EAEko Administrazioak hilabeteko epea du Jaurlaritzaren baimenari helegitea jartzeko.