Ekonomia -
EURIBORRA
Euriborrak gora egin du apirilean, eta hileko tasa % 3,757an kokatu da
Espainiako Estatuko tasa aldakorreko hipoteken erreferentzia indizea hamaseigarren hilabetez jarraian igo da.
AGENTZIAK | EITB Media
12 hilabeterako euriborraren indizeak gora egin du apirilean, eta hileko tasa % 3,757an kokatu da.
Espainiako Estatuko hipoteka aldagarri gehienak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea % 3,647koa izan zen martxoan. Gauzak horrela, tasa aldakorreko hipoteken erreferentzia-indizea hamaseigarren hilabetez jarraian igo da.
Martxoan AEBko eta Europako hainbat bankuk krisia izan ondoren, euriborrak modu apalagoan egin zuen gora. Testuinguru horretan, eguneko tasa % 3,22koa izan zen.
Apirilean, ostera, modu nabarmenagoan egin du gora. Apirilaren 25ean, esaterako, eguneroko tasa % 3,900era iritsi zen.
Europako Banku Zentralak maiatzaren 4an egingo du bilera, eta, adituen arabera, interes tipoak oinarrizko 50 puntu igotzea erabakiko du. Horrela gertatuko balitz, hipotekak are gehiago garestituko lirateke.