Ekonomia -
Barne Produktu Gordina
Espainiako BPGa % 0,5 hazi da lehenengo hiruhilekoan, kontsumoak eta gastu publikoak behera egin arren
Urte arteko datuari dagokionez, BPGa are gehiago hazi da, % 2,9tik % 3,8ra. Nafarroan, hiru hamarren egin du gora.
agentziak | eitb media
Espainiako Barne Produktu Gordina % 0,5 hazi da 2023ko lehenengo hiruhilekoan, aurrekoan baino hamarren bat gehiago, bereziki inbertsioek eta esportazioek gora egin dutelako, kontsumoak eta gastu publikoak atzera egin baitute, % 1,3 eta % 1,6, hurrenez hurren.
Urte arteko datuari dagokionez, BPGa are gehiago hazi da, % 2,9tik % 3,8ra, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak aurreratutako datuen arabera.
Espainiako Gai Ekonomikoetarako Ministerioak azpimarratu du BPGaren gorakada esportazioen eta inbertsioen hazkundeagatik gertatu dela, "egoera nahasiaren erdian", Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren ondorioengatik. Horrek agerian uzten du, Ministerioaren arabera, Espainiako ekonomiaren "indarra".
KPIa % 4,1eraino igo da apirilean eta azpiko inflazioa % 6,6ra jaitsi da
Era berean, Nadia Calviño buru duen departamentuak gogorarazi du Espainiako Estatuko BPGa pandemiaren aurretik zegoenaren parean jarri dela ia.
Nafarroa
Nafarroako datuei helduta, Barne Produktu Gordina hiru hamarren hazi da lehenengo hiruhilekoan, aurrekoaren aldean, eta hazkundea % 2,4koa izan da iazko epe bereko datuekin alderatuz gero.
Nastat Nafarroako Estatistika Institutuaren datuen arabera, hazkundea mantsotu egin da industria eta eraikuntza sektoreetako geldialdiaren ondorioz.