Ekonomia -
LAN GATAZKA
Gehiengo sindikalak greba egun gehiago iragarri ditu Osakidetzako garbiketan
Negoziazioetan ez da aurrerapausorik izan, eta bi greba deialdi egin dituzte. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek hiru asteko greba deitu dute apirilaren 26tik aurrera. ELAk, bere aldetik, maiatzaren 21era arte luzatu du apirilaren 30era deituta zuen greba.
AGENTZIAK | EITB Media
Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen lan gatazka konpontzetik urrun dago oraindik. Izan ere, gaur ez da aurrerapausorik izan negoziazio mahaiak Lan Harremanen Kontseiluan egin duen bileran.
Testuinguru horretan, gehiengo sindikalak (LAB, UGT, CCOO eta ESK) hiru asteko greba deitu du datorren asteazkenetik aurrera.
ELA sindikatuak, bere aldetik, maiatzaren 21era arte luzatu du apirilaren 30era deituta zuen greba.
Langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute. Besteak beste, garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa izatea, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea eta Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak izatea.
LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek ohar baten bidez azaldu dutenez, "enpresak eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari".