Ekonomia -

EUROSTAT

Euroguneko urte arteko inflazioa % 6,9ra jaitsi da martxoan eta azpiko inflazioa % 5,7raino igo da

Europar Batasuneko inflazioa % 8,3raino jaitsi da martxoan. Gauzak horrela, azken lau hilabeteetako beheranzko joerari eutsi dio.

Euro txanponak. Egile eskubiderik gabeko irudia
Euro txanponak. Egile eskubiderik gabeko irudia
Euro txanponak. Egile eskubiderik gabeko irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko urte arteko inflazioak gora egiten jarraitzen du, baina igoera apaldu egin da otsailetik (% 8,5) martxora (% 6,9), Eurostat Europako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera. Europar Batasunean ere joera bertsua da eta urte arteko inflazioa % 8,3raino jaitsi da martxoan. Aurreko hilabetean, % 9,9koa izan zen.

Bien bitartean, azpiko inflazioa hamarren bat igo da otsailetik martxora, % 5,6etik % 5,7ra, eta marka historiko berria ezarri du.

Energia eta jaki freskoak ez ezik, elikagai prozesatuak, tabakoa eta alkohola ere uzten ditu kanpoan Eurostatek azpiko inflazioa kalkulatzeko, Europako Banku Zentralaren irizpideekin bat eginez. Energia eta jaki freskoak aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazioa (Espainiako Estatistika Institutuak erabiltzen duena), ostera, % 7,5ean kokatu da.

Bost hilabetez jarraian, urte arteko inflazioaren igoera apaldu egin da eurogunean eta Europar Batasunean. Lehenengoaren kasuan, 2022ko otsailetik izandako txikiena da, eta bigarrenaren kasuan, ostera, 2022ko apiriletik izan den txikiena. Bi kasuetan, energiaren prezioak izan duen beheranzko bilakaeragatik gertatu da hori.

Inflazioa herrialdez herrialde aztertuta, hauek dira martxoan tasarik txikienak izan dituzten herrialdeak: Luxenburgo (% 2,9), Espainia (% 3,1), Herbehereak (% 4,5), Belgika (% 4,9), Grezia (% 5,4), Zipre ( % 6,1) eta Frantzia eta Finlandia (% 6,7). Aitzitik, tasa handiena izan dutenak hauek dira: Eslovakia (% 14,8), Lituania eta Polonia (% 15,2), Estonia (% 15,6), Txekiar Errepublika (% 16,5), Letonia (% 17,2) eta Hungaria (% 25,6).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Europar Batasuna Europako herrialdei buruzko albisteak Kontsumorako prezioen indize Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Europako Banku Zentrala