Ekonomia -
EURIBORRA
Euriborra, urtebeteko igoerak atsedenik gabe
Euriborra % 3,647koa izan zen martxoan. Igoera hori asko nabarituko dute kuotak indize horrekin berrikusi behar dituztenek. Hipotekaren hileko kuota 190 euro inguru igoko da ordaintzeko duten kapitalaren 100.000 euroko.
N. B. | EITB MEDIA
Euriborrak urtebete bete du atsedenik gabe gora egiten. 2016ko otsailean, Euriborra negatiboa izan zen historian lehen aldiz. Egun horretatik aurrera, eta 6 urte baino gehiagoz, hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziazko indize hori tasa negatiboetan egon da beti. 2021eko urtarrilean, hain zuzen, -% 0,504ko minimo historikora iritsi zen.
Hala ere, urtebete geroago, 2022ko urtarrilean, Euriborra igotzen hasi zen etengabe. Martxoan indize hori % 3,647ra iritsi da, hau da, aurreko hilean baino 0,113 puntu gehiago harrapatu ditu.
Euriborra hipoteka gehienek erreferentziatzat duten indizea da. Horrek zehazten du hipoteka dutenek hilero zenbat ordaindu behar duten interes gisa etxeko maileguagatik.
Tasa aldakorreko hipoteketarako zama astuna
Igoera hori asko nabarituko dute kuotak indize horrekin berrikusi behar dituztenek. Hipotekaren hileko kuota 190 euro inguru igoko da ordaintzeko duten kapitalaren 100.000 euroko; hau da, urtean 2.280 euro gehiago ordainduko dituzte 100.000 euroko.
Interes-tasen igoerak Euskadin izandako inpaktu sozialaren gaineko txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan batez beste 720 euro ordaintzen dituzte hipoteka dutenek. Euskal herritarrek beren diru-sarreren % 30 bideratzen dituzte etxebizitza ordaintzeko. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren txostenak malgutasuna eskatzen die banketxeei, familiek 2023an eta 2024an hipotekaren ordainketei aurre egiteko dituzten arazoak areagotuko direlako.
Fotocasa higiezinen atariko eta InfoJobs plataformako datuetan oinarrituta egindako ikerketa baten arabera, Euskadiko etxebizitzaren batez besteko prezioa 233.000 eurokoa izan zen iaz, eta batez besteko soldata 25.400 eurokoa; beraz, etxebizitza ordaintzeko, 9,2 urteko soldata osoa behar dute hipoteka dutenek, 2021ean (9,1) baino pixka bat gehiago.
Gora egiten jarraituko du Euriborrak?
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen (OCU) arabera, egungo ziurgabetasuna dela eta, zaila da interes-tasak zenbat eta zenbat denboran igo daitezkeen jakitea. Batetik, inflazio oso handia izaten jarraitzen dugu, eta, horri aurre egiteko, banku zentralak (Europako Banku Zentrala, tartean) interes-tasak igotzen saiatzen dira, eta horrek, ezinbestean, Euriborrak gora egitea eragiten du. Bestalde, ekonomien dezelerazio bati egin behar diogu aurre, baita balizko finantza-krisi bati ere, Silicon Valley Bank eta Credit Suisse bankuen beherakadaren ondoren. Europako Banku Zentralak oreka bilatu behar du, batetik, inflazioa kontrolatzeko, eta, bestetik, euroguneko ekonomien geldialdia saihesteko.
Egoera horren aurrean, oso zaila da aurreikuspenak egitea. Une honetan lehentasuna inflazioari aurre egiten saiatzea da, eta, beraz, errealista da pentsatzea tasak igotzen jarraituko duela, baina deselerazio ekonomikoa ere saihestu nahi da, eta, beraz, oreka bilatu beharko da.