Ekonomia -
Abiadura handiko trena
Urkulluk AHTaren interkonexioak aztertuko ditu gaur Frantziako eta Portugalgo enbaxadoreekin
Lehen bilera 14:00etan izango da, Jean-Michel Casa Frantziako enbaxadorearekin, eta bigarrena 17:00etan, João Mira-Gomes Portugalgo enbaxadorearekin. Bi kasuetan, estatu horiek Madrilen dituzten enbaxadetan egingo dira batzarrak.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakaria Madrilera joan da gaur, Frantziako eta Portugalgo enbaxadoreekin bilerak egiteko, Arku Atlantikoaren interkonexioak jorratzeko.
Iñigo Urkullu Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin batera joan da bilera horietara, Lehendakaritzak jakinarazi duenez. Lehen bilera 14:00etan izango da, Jean-Michel Casa Frantziako enbaxadorearekin, eta bigarrena 17:00etan, João Mira-Gomes Portugalgo enbaxadorearekin. Bi kasuetan, estatu horietako enbaxadetan egingo dira batzarrak.
Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak osatutako Euroeskualdearen Batzarraren ostean, martxoaren 20an, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen Frantziak Espainian duen enbaxadorearengana eta Europako Garraio komisarioarengana jotzeko asmoa zuela, ardatz atlantikoaren interkonexioak bultzatzeko.
Aurretik, martxoaren 13an, Urkulluk bilera egin zuen Gasteizen Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteekin. Bertan, 'lobby' edo presio talde bat bultzatzeko konpromisoa hartu zuten, lurralde horien interesak Europar Batasunaren aurrean defendatzeko trenbide eta energia loturen arloetan. Horretarako, EBk Makroeskualde Atlantiko gisa onartzea eskatuko zutela iragarri zuten.
Frantziako Gobernuak 2030etik 2042ra atzeratuko duela iragarri ostean, lehendakariak Akizera abiadura handiko trena iristeko epeak bete ditzala eskatuko dio Frantziako Gobernuari.
Lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi duenez, haserre dago Frantziaren jarrerarekin; izan ere, ohartarazi du horrelako gai batek ezin duela "hainbeste aldaketa eta inprobisazio" izan, "konpromisoak ez betetzea" leporatu die Frantziako eta Espainiako estatuei, eta horrek, bere ustez, oso modu negatiboan baldintzatzen ditu herri atlantikoen politikak.
Frantziako eta Portugalgo enbaxadoreekin ez ezik, Mark Drakeford Galesko ministro nagusiarekin ere bildu da Urkullu, Makroeskualde Atlantikoaren proiektuarekin Euskadik eta Galesek duten konpromisoa berretsiz.
Lehendakariaren hurrengo hitzordua ixtear dago, oraingoan Europar Batasuneko Garraio komisario Adina Valeanekin, eskaera bera helarazteko.