Ekonomia -

Desazelerazioa

Nazioarteko Diru Funtsak % 3ko hazkunde ekonomiko globala iragarri du hurrengo bost urteetarako

90eko hamarkadatik aurreikuspenik txarrena da. India eta Txina munduko hazkundearen erdia izango dira; AEBn eta eurogunean, ordea, interes tasa altuek eskarian eragina dute.

Kristalina Georgieva, NDFren zuzendaria. Artxiboko irudia: EFE
Kristalina Georgieva, NDFren zuzendaria.
Kristalina Georgieva, NDFren zuzendaria. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) aurreikuspenen arabera, barne produktu gordin (BPG) globalaren hazkundea % 3 ingurukoa izango da datozen bost urteetan. Epe ertainerako aurreikuspen txarrenak dira 1990etik. Gainera, azken 20 urteetako BPG globalaren hazkundearen batez bestekoaren azpitik dago (% 3,8).

Kristalina Georgieva NDFko zuzendariak aurreratu ditu astearterako iragarrita dauden aurreikuspenak: "Aurretik dagoen bidea, bereziki hazkunde sendora itzultzeko bidea, latza eta nahasia da, eta bat eginda mantentzen gaituzten sokak ahulagoak izan daitezke orain duela urte batzuk baino".

Georgievak azaldu duenez, blokeen artean "alde nabarmenak" daude. Horrela, hazkundea herrialde emergenteek gidatuko dute: "Asia bereziki distiratsua da". "India eta Txina 2023an munduko hazkundearen erdia izatea aurreikusten dugu", zehaztu du.

"AEBn eta eurogunean", ordea, "jarduera ekonomikoa moteltzen ari da, interes tasa altuek eskarian eragina baitute", azaldu du.

Nolanahi ere, Georgievak azpimarratu du bankuak 2008ko krisian baino sendoagoak eta erresilienteagoak direla, baina erne egoteko eskatu die agintariei. Arazo larririk agertzen ez den bitartean, inflazioari aurre egiten jarraitzeko agindu die banku zentralei.

NDFko zuzendariak, halaber, lehenetsi du epe ertainean hazteko aukerak hobetzea eta herrialde pobreenen zorraren arazoak murrizteko nazioarteko elkartasuna handitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Europa NDF Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak India