Ekonomia -

ERRENTA AITORPENA

Bizkaiko Ogasunak 489 milioi euro itzuliko ditu aurtengo errenta-kanpainan

Orotara, 623.000 aitorpen egitea eta hiru zergadunetik biri dirua itzultzea aurreikusten du Bizkaiko Foru Ogasunak, bakoitzari batez beste 1.190 euro itzulita. Gaur abiatu eta ekainaren 30ean amaituko da 2022ko errenta-kanpaina.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundia gaur, hilak 17, hasi da iazko errentaren aitorpenaren zirriborroak bidaltzen. Behin jasota, zergadunek ekainaren 30erako tartea izango dute aitorpena aurkezteko. Bizkaiko Foru Ogasunak 489 milioi euro itzultzea aurreikusten du, eta 383,2 milioi jasotzea, zergadunek aurkeztuko dituzten 623.000 aitorpenen bidez. Ordaindu behar duten herritarrek, batez beste, 1.808 euro eman beharko dizkiote Ogasunari, eta jaso behar dutenei, batez beste, 1.190 euro itzuliko zaizkie.

Bizkaian 2022ko errenta aitorpena egiteko informazio guztia: datak eta modalitateak

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzen Sailak zehaztu duenez, aurreko urteotan bezala, aurrez aurre, telefonoz (94 608 3000) edota Internet bidez aurkeztu ahalko dute aitorpena zergadunek. Esan bezala, gaurtik aurrera bidaliko dira proposamenak gutun bidez, eta webgunean ere egongo dira eskuragarri zirriborroak.

Proposamen horretan, iazko ekitaldiari buruzko datuez gain, errenta egiteko aukerarik egokiena (bakarka edo beste norbaitekin batera) zein den ere zehaztuko zaio zergadunari.

Lau dira aurten berrikuntza nagusiak: inflazioari aurre egiteko % 5,5eko deflazioa, 200 euroko murrizketa 30.000 eurotik beherako errenta dutenentzat, justifikatu gabeko gastuen forfaita igoko zaie langile autonomoei, eta % 15erainoko konpentsazioa izango dute beren borondatez Batuz sisteman ekarpenak egin dituzten profesionalek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Errenta aitorpena Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Zergak gaur Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa