Ekonomia -

Greba Nafarroan

Kalitatezko hezkuntza publikoaren alde, kalera irten dira nafar irakasleak urteko bigarren greba deialdian

Besteak beste, ratioak jaistea, behin-behinekotasuna murriztea, erosahalmena berreskuratzea eta lan gainkarga jaistea eskatu dute bost sindikatu deitzaileek (LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT).

Irakasleek errepidea itxi dute Iruñean, Labriteko aldapan. Argazkia: LAB sindikatua
Irakasleek errepidea itxi dute Iruñean, Labriteko aldapan
Nafarroako irakaskuntza publikoan aritzen diren 10.000 langileak grebara deituta daude gaur

0:40

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Grebara deituta daude Nafarroako irakaskuntza publikoan aritzen diren 10.000 langileak. LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek ikasturte honetan deitutako bigarren mobilizazioa da. 

Hezkuntzako etapa guztietan ratioak jaistea, erosahalmena berreskuratzea —KPIari lotutako soldata igoera eta 2010etik % 20 galdu ostean berreskuratzea—, behargin guztiei karrera profesionala bermatzea, behin-behinekotasuna % 8tik behera murriztea eta, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago eskaini ahal izateko, lan gainkarga murriztea dira horien aldarrikapen nagusiak.

Iruñerrian, 10:00etan abiatu dira zutabeak, Cuatrovientosetik, Mendillorritik, Barañaindik eta Txantreatik, eta 11:00etan, manifestazioa egin dute Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Halaber, elkarretaratzeak egin dituzte Tuteran, Altsasun, Donezteben, Lizarran eta Tafallan.

Ikasturte honetan egiten duten bigarren mobilizazioa da gaurkoa —aurrekoa otsailaren 15ean egin zuten, administrazioko eta osasuneko langileekin batera—. Hain justu, greba horri "entzungor" egitea eta Mahai Sektorialean sindikatuak "gutxiestea" egotzi diete Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari. 

Sindikatuon hitzetan, Foru Gobernuak "legealdi osoa darama Mahai Sektorialeko ordezkaritza sindikala gutxiesten". Are gehiago, otsailaren 15eko greban euren kolektiboak planteatutako aldarrikapenei "inolako erantzunik eman ez izana" egotzi diote gehiengo sindikala osatzen dutenek, eta, horren aurrean, "beste greba bat" deitu dute apirilaren 3rako. 

Sindikatu deitzaileek martxoaren 6an mobilizazioa aurkeztu zutenean nabarmendu zutenez, euren aldarrikapenek, "lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzu publikoa nabarmen hobetzea" ekarriko dute. Horien ustez, "hezkuntza gizartea hobetzeko tresna nagusia da, eta, beraz, mimatu beharra dago justizia sozial handiagoa eskuratzeko". Horren ildoan, grebarekin bat egiteko deia egin zieten gainerako sindikatuei eta hezkuntza komunitateko beste eragileei.

Kazetarien galderei erantzunez, Pilar Garciak (CCOO) esan zuen otsailaren 15eko greba "nahiko sendoa" izan zela eta hezkuntza alorrean jarraipen zabala izan zuela, osasungintzan eta administrazioan baino handiagoa. "Halere, ez dugu erantzunik jaso, deitu ere ez digute egin. Legegintzaldi osoa daramagu negoziaziorik gabe, eta beti esaten digute gauza bera: ez dagoela diru gehiago eta ezin direla aurrekontu partidak handitu", erantsi du. 

Horin aurreikuspenen arabera, gaurko grebak hilaren 15ekoak izan zuen "jarraipen bera edo handiagoa" izango du. "Kasu honetan, hezkuntza alorrean deitu dugu, osasungintzatik berezita, gurea ikusarazteko", argitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa ELA LAB Grebak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntzako albisteak 2024 CCOO UGT Steilas Lan gatazkak Irakasleak