Ekonomia -
Landabengo lantegia
Foru Gobernua "lanean" dabil, Volkswageneko baterien muntatzea Nafarroan gera dadin
Maria Chivite Nafarroako presidenteak iragarri duenez, "lanean" dabiltza prozesu hori Nafarroan egin dezaten eta "ehunka lanpostu eragin ditzan".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Maria Chivite Nafarroako presidenteak ohartarazi duenez, Volkswageneko ibilgailu elektrikoaren bateriak muntatzeko zerbitzua kanpora eramatea "enpresa-erabakia" da, baina adierazi du Foru Gobernua "lanean" dabilela prozesu hori Nafarroan gera dadin eta "ehunka lanpostu eragin ditzan".
PSNren hauteskunde-zerrendaren aurkezpen-ekitaldi batean egin ditu Chivitek adierazpen horiek, eta Javier Esparza UPNko buruak hari egindako kritiken inguruan ere mintzatu da. "Landabengo lantegiaren etorkizuna tresna gisa erabiltzen du Gobernuari eraso egiteko", egotzi dio Chivitek Esparzari.
"Volkswageneko lantegiaren etorkizuna bermatuta dago, ibilgailu elektrikoa datorrelako", azpimarratu du Chivitek, eta Esparzari esan dio: "zoritxar-iragarleari esango nioke Gobernuaren aurreikuspenak betetzen direla".
Gogoratu duenez, hilabete honetan Europako Batzordera joango da Chivite bera, Volkswageneko Nafarroako lantegiaren presidentearekin eta automobilgintza klusterreko ordezkariekin batera, Euro7 arauaren atzerapena eskatzera. Ibilgailuen derrigorrezko kutsatze-igorpenaren murrizketara egokitzeko, autoen ekoizpena motelduko du arau horrek 2025ean.
"Malgutze bat eskatuko dugu, enplegua babesteko helburuz, eta mugikortasun jasangarrirako trantsizioa behar bezala egin ahal izateko", iragarri du Chivitek. Izan ere, 2026an ibilgailu elektrikoa egiteko Volkswageneko Nafarroako lantegiko ekoizpena mantsotu beharko dute. "Ekoizpen moteltze horrek Euro7 arauaren malgutzearekin bat egitea espero dugu", adierazi du .