Ekonomia -

PENTSIOAK

Pentsioen erreforma aurrera atera da Kongresuan, gehiengo zabal baten babesarekin

Euskal alderdiei dagokienez, EAJk alde bozkatu du eta EH Bildu abstenitu egin da. Pentsioak kalkulatzeko sistema berria apirilaren 1ean sartuko da indarrean, arau jakin batzuk izan ezik.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako pentsioen sistema erreformatzeko lege dekretuari argi berdea eman dio Espainiako Diputatuen Kongresuak, gehiengo zabal baten babesarekin. PSOEren eta Unidas Podemosen botoei Esquerra Republicana (ERC), EAJ, PDeCAT, Coalicion Canaria, Compromis, PRC, Teruel Existe eta Mas Pais alderdiena batu zaizkie. EH Bildu, Junts eta Vox abstenitu egin dira, eta PPk, Ciudadanosek, Foro Asturiasek, CUPek eta BNGak aurka bozkatu dute. Orotara, aldeko 179 boto, aurkako 104 eta 61 abstentzio.

Dekretua baliozkotuta, erreforma lege proiektu gisa bideratzea onartu da, Kongresuko taldeek testuari moldaketak proposatzeko aukera izan dezaten, berriro.

Europako Batzordearen eta sindikatuen onespenarekin iritsi da pentsioen erreforma Kongresura, eta Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa izan da bultzatzaile nagusia. Ministroak gaur Kongresuan egin duen hitzaldian adierazi du sistema berriak etorkizuneko pentsioak bermatzea ekarriko duela "neurri sorta orekatu" baten bidez.

Ondo bidean, apirilaren 1ean sartuko da indarrean erreforma, neurri jakin batzuk izan ezik. Besteak beste, hemendik aurrera, pentsioen kalkulua egiterakoan, pentsiodunek bi zenbaketa eperen artean aukeratu ahal izango dute: gaur egun indarrean dagoena, 25 urtekoa, edo 29 urteko epe berria. Bigarrena aukeratuz gero, kotizazio baxuena izandako bi urteak kanpoan uzteko aukera izango da.

Horrez gainera, testuaren arabera, senideren bat zaintzeko eszedentzia edo murrizketaren bat hartuz gero, lehen 3 urteak % 100ean kotizatutzat hartuko dira kontuan pentsioa kalkulatzerakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak