Ekonomia -
Iruzur fiskala
Gipuzkoako Foru Aldundiak 172,6 milioi euroko zerga iruzurra atzeman zuen 2022an
Ogasun eta Finantza Departamentuak 90.020 jarduketa egin zituen pasa den urtean alor honetan, Jokin Perona foru diputatuak Batzordean azaldu duenez.
EITB Media
Gipuzkoako Foru Ogasunak 172,6 milioi euroko zerga-iruzurra azaleratu zuen 2022. urtean, iruzurraren aurkako borrokan egindako ekintzen ondorioz. Ogasunak 90.020 jarduketa egin zituen iaz alor honetan, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatu Jokin Peronak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean azaldu duenez. Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin batera, 2022ko zerga iruzurraren kontrako ekintzen berri eman eta 2023rako egiaztapen plana azaldu dute.
Datuak zergaz zerga xehatuta, 59,2 milioi euro atzeman ziren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan; 36 milioi euro Sozietateen gaineko Zergan; 67,8 milioi euro Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); eta, azkenik, 9,5 milioi euro gainerako zergetan.
Foru erakundeak 90.020 jarduketa egin zituen 2022an alor honetan, batez beste, egunero 247 jarduketa izan ziren. Guztira, azaleratutako zorra 144,6 milioi eurokoa izan da, eta horri beste 18,8 milioi euro gehitu behar zaizkio, interes eta errekargutan eta 9,2 milioi euro isunetan.
Ekintza horiek zehaztasunez begiratuz gero, hiru motako esku hartzeak aipatu daitezke: informazioa lortzera bideratuak, prebentziozkoak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak.
Lehen taldean, aipatzekoa da nazioarteko informazio trukaketarako akordioei esker, 122.750 euro azaleratu direla atzerriko pentsioetan, eta beste 553.443 euro atzerrian dauden ondasun eta eskubideetan. Gainera, administrazioen arteko informazio trukearen arloan, 9,9 milioi datu partekatu dira Estatuko zerga administrazioarekin eta Araba eta Bizkaiko Ogasunekin, eta Berehalako Informazio Horniduraren (BIH) bitartez 28,8 milioi faktura jaso dira.
Prebentzio jarduketen atalean, Jokin Peronak informazioaren kudeaketan egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu, besteak beste, BIH edota TicketBAI proiektuen eskutik. Gainera, herritarrek aurkeztutako 164 salaketa ere tramitatu dira, eta horietatik 22 likidazioekin amaitu dira, 2,7 milioi euroko zorra azaleratuz.
Azkenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketen atalean, jasotako informazioan atzemandako inkoherentziei jarraiki, 37.185 likidazio eta 72,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu dira, eta 1.970 ez aitortzaileri egin zaizkie likidazioak, beste 6,9 milioi euro aurkituz horietan. Gainera, Fiskaltzara 9 espediente bidali dira iruzur zantzuak daudelako, 29,2 milioi euroko balioa dutenak.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak beste zerga administrazioekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin duten elkarlana azpimarratu du. Horren hitzetan, "Ogasunak ezin du isolatuta egin lan, gutxiago alor honetan". "Beste zerga erakundeekin eta eragileekin sare partekatuak eraikitzen jarraitu behar dugu, eta, zorionez, azken urteetan esan dezakegu pauso garrantzitsuak eman ditugula alor honetan", nabarmendu du.
Etorkizunari so eginda, Peronak adierazi du informazio iturriak zabaltzen jarraituko duela Ogasunak, bai beste eragileekin dituen akordioen edota, esaterako, TicketBAI proiektuen eskutik. Hala ere, gogoratu du "prebentzioa dela iruzurrari aurre egiteko modurik eraginkorrena" eta Gipuzkoako Ogasunak "kontzientziazioaren eta kultura fiskala hedatzearen aldeko egitasmoekin duen konpromisoa" berretsi du.