Ekonomia -
LAN GATAZKA
ESK-k bat egin du sindikatuek maiatzaren 18 eta 19rako Osakidetzan deitutako grebarekin
Greba deialdiarekin bat egin badu ere, bi egun gutxi direla uste du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Maitzaren 18an eta 19an Osakidetzako sare osoan deituta dagoen greba deialdiarekin bat egin du ESK sindikatuak.
Gaur goizean zabaldutako ohar batean adierazi duenez, ESK-k begi onez ikusten du deialdia nahiz eta "motz" gelditzen dela uste duen. Halaber, ESK alboan uztea egotzi die mahai sektorialean ordezkaritza duten sindikatuei, Osakidetzaren barruan "sektore borrokalari" bat ordezkatzen dutela eta aurreko deialdi bateratuetan parte hartu dutela argudiatuta.
ESK-ren arabera, Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek indarrak batu behar dituzte mobilizazio iraunkorrak eta gogorragoak aurrera eramateko.
ELA, Satse, LAB, SME (Euskadiko Sendagileen Sindikatua), CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute bi eguneko greba "osasungintza publikoaren desegitea" salatzeko.
37.000 langile inguru daude grebara deituta Osakidetzako sare osoan, osasun etxeak eta ospitaleak barne.
Sindikatuetako ordezkariek "Osakidetzak bizi duen egoera larria eta negoziazioaren blokeoa" salatu dute eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eskatu diote mahai sektorialera joatea.