Ekonomia -
FINANTZA SISTEMA
Europako Batasunean "bankuak batzeko" bideari "lehenbailehen" ekiteko eskatu du Azpiazuk
Deusto Business School ekonomia eta negozio eskolak antolatutako jardunaldietan hitz egin du gaur Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Besteak beste, Silicon Valley Banken porrotak Europan izandako eragina izan du hizpide. Lasaitasunerako mezua igorri du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gordailuak bermatzeko Europako funtsa eta Europar Batasunean egoitza duten bankuen batasuna. Bi eskariok jarri ditu mahai gainean Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, eta horiek abian jartzeko bideari "lehenbailehen" heltzea premiazkotzat jo du, egoera ekonomikoaren inguruabarrak aztertu ondoren.
Deusto Business School ekonomia eta negozio eskolak antolatutako jardunaldien itxiera-ekitaldian hitz egin du sailburuak. Bertan, besteak beste, Silicon Valley Banken porrotaz eta horrek Europan izan duen eraginaz aritu da. Egoera "nahasia" bada ere, lasaitasunerako mezua igorri du, euroguneko ekonomiaren egoera "sendoa eta kaudimenduna" delako. "Egoera makroekonomiko nahasiei aurre egiteko gaitasuna dutela erakutsi dute euroguneko bankuek", nabarmendu du.
2008ko finantza krisiarekin alderatuta, egoera bestelakoa dela erantsi du, egin diren "erreforma ekonomikoei esker" banku sistema "oso indartsua" eratu delako.
Halere, oraindik badagoela zer hobetu gehitu du, eta luze baino lehen gauzatu beharko liratekeen hainbat erreforma azpimarratu ditu, tartean, bankuen arteko batasuna ahalbidetuko duten irizpide sorta onartzea.