Ekonomia -
PENTSIOAK
Pentsioen erreforma dela-eta, datorren astean bilera bat egitea proposatu die Frantziako Gobernuak sindikatuei
Asteartean, pentsioen erreformaren aurka deitutako hamargarren mobilizazio egunean, Frantziako sindikatu nagusiek jarrerak hurbiltzeko "bitartekaritza" bat proposatu diote Gobernuari. Macronen Gobernuak, ordea, uko egin dio aukera horri.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pentsioen erreformari buruzko jarrerak hurbiltzeko, datorren astean bilera bat egitea proposatu die Frantziako Gobernuak sindikatuei.
Zehazki, astelehenean, asteartean edo asteazkenean elkartzeko gonbidapena egin die Elisabeth Borne lehen ministroaren bulegoak sindikatu nagusiei. Agintariaren gertuko iturrien arabera, "ez dute gai zerrendarik zehaztu", BFMTV telebista kateak jakitera eman duenez.
Laurent Berger CFDT sindikatuaren idazkari nagusiak argi eta garbi utzi du erreformari buruzko kexak eramango dituztela bilerara. "Inork uste al du erretreta erreformaren aurkako protesta gogorrak izaten ari diren honetan beste zerbaiti buruz hitz egitea?", esan du Franceinfo hedabideari eskainitako elkarrizketa batean.
Sindikatuak krisiari "irtenbidea" bilatzen ahaleginduko dira. Dena dela, bi aldeen arteko jarrerak urruti daude oraindik. Gobernuak baztertu egin du testua berridaztea, eta langileen ordezkariek eskatu dute neurri kaltegarrienak geldiaraztea, tartean erretiro adina 62 urtetik 64ra atzeratzearena.
Astearte honetan, pentsioen erreformaren aurka deitutako hamargarren mobilizazio egunean, Frantziako sindikatu nagusiek jarrerak hurbiltzeko "bitartekaritza" bat proposatu diote Gobernuari. Macronen Gobernuak, ordea, uko egin dio aukera horri.