Ekonomia -
Elektrizitatea
Gasaren prezioari ezarritako muga abendura arte luzatzea onartu du Ministroen Kontseiluak
Espainiako Gobernuak akordioa lortu du Europako Batzordearekin salbuespen iberiarra luzatzeko. Horren baitan, gasaren prezioa mugatu eta elektrizitatearen prezioa merkatu egiten da.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako Ministroen Kontseiluak salbuespen iberiarra urte amaierara arte luzatzea onartu du. Gasaren prezioari muga jarri eta argindarra merkatzeko sistema bat da, eta gaurko luzapenaren aurretik maiatzaren 31era arte zegoen indarrean.
Gaur goizean, Bruselan Europar Batasuneko Energia ministroak egiten ari diren bileraren atarian, Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak iragarri du Espainiako Gobernuak akordioa lortu duela Europako Batzordearekin salbuespen iberiarra abendura arte luzatzeko.
"Landuta eta itxita dago, eta Batzordearen adostasuna eta babesa dugu", esan du Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak, eta zehaztu du luzapena modu "formalean" onartu behar duela Bruselak, baina Europar Batasuneko agintariek "babes esplizitua" eman dutela.
Riberaren ustez, "urte amaierara arte kontsumitzaile espainiarrak eta portugaldarrak babesten jarraitzeko aukera ematen duen tresna" da. Gas naturala "egungo prezioetan" mantentzen bada, "ziurrenik ez dela aktibatuko" esan du, baina prezioa "berriro igotzen bada", berriro martxan jarriko litzateke.