Ekonomia -

Mobilizazioak

Martxoko azken greba eguna dute gaur Bizkaibuseko langileek Ezkerraldeko eta Enkarterriko zerbitzuetan

Apiriletik aurrera, negoziazioek "blokeatuta" jarraitzen badute, enpresa batzordeek aurreratu dute mobilizazioei eutsiko dietela.

Bizkaibuseko langileen manifestazioa Bilbon. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Bizkaibuseko langileen manifestazioa Bilbon
Bizkaibuseko langileen manifestazioa Bilbon. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko beharginek greba eguna dute gaur, asteartearekin, Ezkerraldeko eta Enkarterriko zerbitzuetan, KPIaren araberako soldata igoera, hitzarmen "duin" bat eta gainerako zerbitzuetako langileen lan baldintza berberak aldarrikatzeko. "Eskubide horien defentsan", manifestazioa egin dute Bilbon, 08:00etatik aurrera.

Bizkaibusi zerbitzua ematen dioten bost enpresetatik lauk duela bost hilabete abiatu zituzten protestak, Durangaldeko lineako beharginek lortutako lan baldintza berberak eskatzeko.

"Onartezintzat" jotzen dute enpresen arteko "berdintasun eza". Izan ere, Durangaldeko Avanza enpresako langileek akordioa itundu zuten hitzarmena berritzeko. Orain arteko aldarrikapenetan, gogoan izan dute, halaber, Bilbobuseko lankideen egoera edo "negoziatzeko aukera izan duen ezein garraio enpresarena".

Apiriletik aurrera, negoziazioek "blokeatuta" jarraitzen badute, enpresa batzordeek aurreratu dute mobilizazioei eutsiko dietela. "Lehenengo eguneko maiztasun eta gogo berarekin egingo dugu protesta, gogor baikaude eta ez baitugu amore emango", esan dute.

Behin martxoa amaituta, greba deialdiek izandako eragina aztertu eta hurrengo mobilizazioen ibilbidea zehaztuko dute, alegia, protestak elkarrekin edo bakoitzak bere aldetik egingo dituzten zehaztuko dute, eta deialdi berriak noizko deituko dituzten erabaki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Ekonomia Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Lan gatazkak Enkarterri