Ekonomia -
LAN GATAZKA
Bizkaiko merkataritzako langileek hobekuntzak eskatu dituzte apirilaren 3, 4 eta 5eko greba saihestu nahi bada
ELAk azaldu duenez, negoziaketak blokeatuta daude patronalak ez dituelako onartzen eskari nagusiak: KPIaren araberako soldata igoera, udan larunbat arratsaldetan ez lan egitea eta plusa online zerbitzuagatik.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Bizkaiko merkataritza orokorreko langileek, arropa eta zapata arlokoek tartean, manifestazioa egin dute eguerdian Bilbon, ELAk eta LABek deituta, lan hitzarmenetan hobekuntzak eskatzeko, patronalak apirilaren 3, 4 eta 5eko greba bertan behera utz dezatela nahi badu.
Manifestazioaren aurretik komunikabideen aurrean egindako adierazpenetean, Marije Fernandez ELAko merkataritza arloko arduradunak gogorarazi du negoziaketak blokeatuta daudela eta 8.500 langile baino gehiagori eragiten dieten lan hitzarmenak berritu gabe daudela aspalditik: larrugintza eta zapatagintzakoa 2007tik, moda eta arroparena 2014tik eta merkataritza orokorrarena 2018tik.
Azken negoziaketetan zertxobait aurreratu den arren, patronalak ez dituela euren eskari nagusiak aintzat hartzen salatu du: KPIaren araberako soldata igoera, udan larunbat arratsaldetan ez lan egitea eta plusa online zerbitzuagatik.
Fernandezek azaldu duenez, Bizkaiko patronalak erabat arbuiatzen du plus hori, Arabakoak eta Gipuzkoakoak "normaltasun osoz" sinatu dutenean.
ELAko ordezkariak salatu du sektore honetako langile asko "lanbide arteko gutxieneko soldatara ere ez direla iristen", larrugintza eta zapatagintzako saltzaile baten soldata gordina 1.012 eurokoa delako, adibidez.
Gauzak horrela, baldintzak hobetu bitartean mobilizatzen jarraituko duela oharatarazi du.