Ekonomia -
Lan-gatazka
LAB, UGT, CCOO eta ESKk beste bi asteko greba deitu dute Osakidetzako garbiketa zerbitzuan
Konkretuki, beharginak martxoaren 20tik apirilaren 2ra lanuztea egitera deitu dituzte. Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuko langileek bost urte daramatzate hitzarmenik gabe, eta elkarretaratzea egin dute gaur LHKren Bilboko egoitzaren aurrean.
Agentziak | EITB Media
LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek Osakidetzako garbiketa zerbitzuko beharginak beste bi asteko grebara deitu dituzte, martxoaren 20tik apirilaren 2ra, hitzarmenaren negoziazioa eta homologazioa desblokeatzeko mobilizazioen baitan.
Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuko langileek bost urte daramatzate hitzarmenik gabe, eta elkarretaratzea egin dute gaur, 11:30ean, Lan Harremanen Kontseiluren (LHK) Bilboko egoitzaren aurrean. Bertan, ordezkaritza sindikala zerbitzuaren enpresa emakidadunekin bildu da, baina ez dute akordiorik lortu.
LAB, UGT, CCOO eta ESKk gogorarazi dutenez, langileek 2018an hasi zuten hitzarmen berria negoziatzen, "negoziazio erraza izango zelakoan; izan ere, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak esan nahi zuen gai jakin batzuk Osakidetzaren barruan lortu diren akordio berrietara egokitu eta eguneratu behar zirela". Baina deitoratu dutenez, "hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da".
Sindikatuek salatu dutenez, enpresak eta Osakidetza "homologazio printzipioa urratzen ari dira, Osakidetzako langileei aplikatutako baldintzak egokitzeari eta aplikatzeari uko egin diotelako".
Sindikatuek zehaztu dutenez, ez dituzte "homologaziotik haratago doazen baldintzak" aldarrikatzen, baizik eta "soilik Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea, homologazio printzipioan oinarrituta", horrela, "karrera profesionaleko deialdietan sarbidea izateko, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa izateko, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko, eta Osakidetzako langileek dagoeneko aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak jasotzeko".
Egoera desblokeatzen saiatzeko Osakidetzak sindikatuen planteamenduei erantzun ez diela salatu ostean, zuzendaritzak izendatutako bitartekariak "proposamen eskasa, zehaztugabea eta laburra" helarazi die, "kontu asko ahazten dituena".