Ekonomia -

Burtsak

Credit Suissek % 20ko gorakadarekin itxi du saioa, eta Europako merkatuak lasaitu dira

Suitzako Banku Nazionalak emandako babesak bultzatu du susperraldi partziala. Espainiako Burtsak % 1,5eko gorakadarekin itxi du saioa. Era berean, euroak gora egin eta 1,06 dolarreko langa gainditu du.

Credit Suissen egoitza, Madrilen. Argazkia: EFE
Credit Suissen egoitza, Madrilen.
Credit Suissen egoitza, Madrilen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Credit Suissek % 20ko igoera handia izan du gaur, asteazkenean behea jo eta % 24 galdu ostean. Suitzako Banku Nazionalak emandako babesak susperraldi partziala ekarri du, goizaldean herrialdeko bigarren finantza-erakunde handienaren kontuak onbideratzeko konpromisoa hartu baitu, 55.000 milioi dolarreko maileguarekin.

Banku nazionalaren iragarpenari esker, Credit Suisseren akzioek % 32ko igoerarekin ireki dute saioa, nahiz eta hori moteltzen joan saio erdian (% 24).

Asteazkenean, Credit Suisseren arazoengatik Europan bankuen krisi baten beldurragatik behera egin ostean, euroa eta balore-merkatuak lasaitu egin dira, Suitzako Banku Nazionalak banku horri kreditua bermatu ostean. Hala, euroak gora egin du gaur, eta 1,06 dolarreko langa gainditu du, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak % 3,50eraino igotzea erabaki ostean.

Era berean, Espainiako Burtsak % 1,5eko gorakadarekin itxi du saioa. Selektiboaren igoerarik handienak, % 3,94koak, Inditexek izan ditu gaur, atzo aurkeztutako emaitza onek lagunduta; bankuek, aldiz, itxiera mistoa egin dute, BBVAk % 3,41 berreskuratuta eta Santanderrek % 2,6 gora eginda; Bankinterrek, ordea, % 2,52 egin du behera, Unicajak % 1,76 eta Sabadellek % 0,49.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europa Espainia Alemania Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa Italia Europako Banku Zentrala