Ekonomia -
Txostena
Hego Euskal Herrian daude Estatuko soldata altuenetakoak, erosahalmen gehien galdu duenetako bat den arren
Adecco taldeak 2022ko laugarren hiruhilekoan bildutako datuen arabera, Madrilen atzetik, EAE eta Nafarroa dira batez besteko hileko soldata altuenak dituzten erkidegoak: 2.103 eta 1.969 euro, hurrenez hurren. Dena dela, inflazioak nabarmen jaitsiari du euren erosahalmena, bereziki Nafarroan.
E. G. | EITB Media
2020ko konfinamenduan behea jo ondoren —azken 80 urteotako minimora jaitsi zen, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginez—, batez besteko soldatak gora egin du Hego Euskal Herrian, eta maximo historikoetan dago jada. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroa Espainiako Estatuan soldata altuenak dituzten hiru erkidegoen artean daude, Adecco taldeak "Aukerak eta Gogobetetzea Enpleguan" izeneko txostenean jaso duenez. Ilunik ere badago ikerketan: soldatak igo badira ere, inflazioa tarteko, erosahalmen gehien galdu duten erkidegoen artean daude biak ala biak.
2022ko laugarren hiruhileko datuei erreparatuta, Madrilen dute hileko soldata altuena: 2.135 euro gordin, baina gertu du EAE, 2.103 eurorekin. Nafarroa ageri da zerrendan hirugarren, 1.969 euroko batez besteko soldatarekin. Dena dela, hiruren artean, Foru Erkidegoan hazi dira gehien soldatak, iaz baino % 4,5, EAEkoen halako ia bi (% 2,5 igo dira bertan). Hala, Kataluniari berari aurre egin dio Nafarroak. Halaber, Hego Euskal Herriko soldatak Espainiako Estatuko batezbestekotik (1.823 euro) gora daude.
Ifrentzuan, eta azken urtean prezioek izan duten goranzko bilakaeraren ondorioz, Hego Euskal Herriko herritarren erosahalmena ez da soldata igoeraren hazkundearen maila berean igo, kontrara, jaitsi egin da. Nafarroan jasan dute beherakada nabarmenena —Espainiako Estatuan erkidego hori da gehien jaitsi dena—, eta 2020arekin alderatuta, % 4,6 jaitsi da erosteko ahalmena. Eurotan jarrita, are azpimarragarriagoa da galera hori: urtean 1.132 euro gutxiago poltsikoratu dituzte nafarrek.
EAEn txikiagoa izan da inflazioaren eragina, baina halere, gehien pairatu duen lau erkidegoen artean dago: % 3,3 egin du behera. Bestela esanda, urtean 853 euro gutxiago dituzte EAEko herritarrek gastatzeko.
Begirada denboran luzatuta, erosahalmenaren jaitsiera are handiagoa da. Estatuko batez besteko soldatak gaur egun duen erosahalmena 1996an zuenaren antzekoa da, apur bat txikiagoa, hori bai. Erosteko ahalmenak 2009an harrapatu zuen gorena, eta 2022an orduan baino % 10,1 txikiagoa da.
EAEko datuei erreparatuta, handiagoa da ezberdintasun hori: 2022koa maximo historikoarekin (2010eko irailekoa) alderatuta, % 11,9ko galera izan da.