Ekonomia -

AIRE TRAFIKOA

EAEko aireportuek pandemia aurreko datuak gainditu dituzte otsailean

Bilboko aireportuak 348.667 bidaiari erregistratu ditu aurtengo otsailean (% 0,8 gehiago), Donostiakoan 24.966 zenbatu dituzte guztira (% 24,1 gehiago), eta 15.727 dira Gasteizkoaren kasuan (% 77,2 gehiago).

Bilboko Aireportua. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko Aireportua
Bilboko Aireportua. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko aireportuak pandemia aurreko jarduera berreskuratzen ari dira, eta hirurek 2019ko hilabete berean erregistratutako datuak gainditu dituzte 2023ko otsailean, Aenak gaur goizean zabaldutako informazioaren arabera. Bilboko aireportuan, bidaiarien trafikoa % 0,8 hazi da otsailean, duela lau urteko aldi bereko datuekin alderatuta; Donostiak, berriz, % 24,1eko hazkundea izan du, eta Gasteizek % 77,2ko igoera izan du.

Bilboko Aireportuan % 7,2 hazi da Espainiako Estatuko bidaiarien trafikoa 2019ko otsailaren aldean, 236.847 bidaiariraino. Nazioarteko bidaiarien kasuan, % 89,3 berreskuratu da, guztira 111.068 bidaiari izan baitira. Urte hasi zenetik, Bizkaiko aireportuak 688.508 bidaiari mugitu ditu, 2019ko lehen bi hilabeteetan baino % 1,3 gehiago.

Donostiako Aireportuari dagokionez, otsailean 24.966 bidaiarik erabili zuten Gipuzkoako azpiegitura. Horrela, bidaiarien trafikoa % 24,1 hazi da 2019ko hil bereko datuen aldean. Urtea hasi zenetik, ostera, 52.702 bidaiari igaro dira bertatik, 2019ko aldi berean baino % 34,3 gehiago.

Gasteizko Aireportuan, bestalde, bidaiarien trafikoa % 77,2 hazi da otsailean 2019ko datuekin alderatuta, 15.727 bidaiari izan baititu guztira. 2023an, berriz, 33.849 bidaiari igaro dira, 2019ko lehen bi hilabeteetan baino % 80,4 gehiago.

Aireko zamari dagokionez, Arabako terminaleko salgaien trafikoak ere gorantz jarraitzen du. Urteko bigarren hilabetean, 5.713 tonara iritsi da, 2019ko hil berean baino % 16,2 gehiago. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Forondako aireportua Donostiako aireportua