Ekonomia -

Pentsioak

Frantziako Senatuak pentsioen erreforma onartzeko lehenengo urratsa egin du, protestei aurre eginez

Asteazkenean hasiko da batzorde mistoaren eztabaida, eta ostegunetik aurrera bozkatuko da erreforma bi ganberetan. Sindikatuek protesta gehiago antolatu dituzte datozen egunetarako.

Pentsioen erreformaren aurkako manifestazioa, Parisen. Argazkia: Efe
Pentsioen erreformaren aurkako manifestazioa, Parisen. Argazkia: Efe
Pentsioen erreformaren aurkako manifestazioa, Parisen. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Senatuak Emmanuel Macronen Gobernuak sustatutako pentsioen erreforma polemikoa onartu du bart, Estatu osoko hamaika hiritan horren aurkako mobilizazioak egin diren egunean.

Testua prozedura azkar baten bitartez eztabaidatu zuen Senatuak oposizioak aurkeztutako zuzenketak saihesteko, eta azkenean 195 senatariren aldeko botoa eta 112ren kontrakoa jaso zuen.

Frantziako Gobernuko kideek berehala ospatu zuten lehenengo urratsa egin izana, eta Elisabeth Borne lehen ministroak adierazi zuen "pauso erabakigarria" izan zela pentsioen "etorkizuna bermatzeko".

Macronen blokearekin batera, Errepublikanoek ere erreformaren alde bozkatu zuten, eta Bruno Retailleau buruzagi kontserbadoreak adierazi zuen nahitaezkoa dela erreforma "shock demografikoari" aurre egiteko.

Monique Lubin senatari sozialistak, berriz, Senatuan bertan esan zuen "egun beltza" izan zela langile guztientzat.

Hurrengo pausoak

Datorren asteazkenean, hilaren 15ean, batzorde mistoaren esku geratuko da erreformaren testua, eta bertan adostutakoa onartu beharko dute bi ganbaretan ostegunetik aurrera.

Asanblea Nazionalean bozketa estua izango dela aurreikusten dute, eta martxoaren 26a da araua onartzeko azken eguna.

Macronen erreformaren oinarri nagusia erretiroa hartzeko adinaren atzerapena da, egungo 62 urteetatik 64 urtera luzatu nahi baitute lan egiteko adina.

Manifestación en Baiona. Foto: EITB

Protestak

Hain zuzen ere, Senatuko onarpena iritsi den egunean, milaka izan dira Estatuko hamaika hiritan kalera atera diren herritarrak erreformaren aurka.

Gobernuak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituenetik egiten den zazpigarren protesta eguna izan zen, eta asteazkenerako, batzorde mistoaren azterketa hasten denerako, mobilizazio gehiago antolatu dituzte.

Sindikatuentzat partida ez dute galdu oraindik

Bestalde, sindikatuek baztertu egin dute pentsioen erreformagatik piztutako borroka galdu dutenik, eta ohartarazi dute Frantziako Gobernuaren "gorreria" eta langileen "sumindura" aurrez aurre jarri direla.

"Partida ez da amaitu", azpimarratu du Laurent Berger CFDT sindikatuaren idazkari nagusiak, asteazkeneko mobilizazioetan parte hartzeko deia egitearekin batera.

CFDTren ordezkariak azpimarratu du Frantziako Estatua hiru zutabe dituen "mugarri demokratiko" batean murgilduta dagoela: errefusa agertzen duen mugimendu sozial handia, parlamentuko prozesu "xixkatua" (eztabaida bizkortzeko Gobernuak egindako prozeduren harira) eta Emmanuel Macron presidentearen Gobernuak ez duela entzun nahi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Pentsioak Frantziako Gobernua