Ekonomia -
PROTESTAK FRANTZIAKO ESTATUAN
Milaka lagun atera dira berriz ere kalera Baionan, pentsioen erreformaren kontrako zazpigarren mobilizazioan
7.300 pertsona mobilizatu direla Baionan esan dute sindikatuek eta 3.000, berriz, Poliziak. Sindikatu eta gizarte-eragileek protestan jarraituko dutela esan dute, pentsioen erreforma aurrera atera ez dadin. Orotara, 230 mobilizazio deitu ditu gaurko Frantziako intersindikalak.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
7.300 pertsona inguruk parte hartu dute pentsioen erreformaren kontra protestan gaur goizean Baionan, Macron presidenteak lege berria iragarri zuenetik egiten den zazpigarren protesta egunean, Intersindikalak jakitera eman duenez. Poliziaren arabera, 3.000 izan dira. 10:30ean abiatu da mobilizazioa, euripean, Lapurduko hiriburuan eta borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute parte hartzaileek.
230 manifestazioa daude gaurko deituta Frantziar Estatu osoan eta milioi batetik gora pertsona biltzea espero dute. 14:00ak aldera hasiko dira jendetsuenak izan daitezkeenak: Pariskoa, Marsellakoa, Lillekoa eta Bordelekoa, esaterako.
Frantziako Senatuak pentsioen erreformaren artikulu eztabaidagarrienetako bat onartu du aste honetan, erretiro adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duena, hain zuzen ere. Erretretaren adina atzeratzen duen 7. artikulua aldeko 201 botorekin eta kontrako 115 botorekin onartu zuten. Senatari sozialistek, komunistek eta ekologistek kontra bozkatu zuen. Olivier Dussopt Frantziako Lan ministroak gehiengo "oso zabala" zutela azpimarratu zuen eta ezkerraren jarrera kritikatu zuen.
Sindikatu eta gizarte eragileak oso haserre daude Gobernuak datorren astean erabat onartu nahi duen erreformarekin eta hori gerta ez dadin, borrokan jarraituko dutela iragarri dute.
Asteartean aspaldiko mobilizaziorik jendetsuenak izan ziren, 3,5 milioi herritar atera ziren protestan, 23.000 inguru Baionan.
Gaurko mobilizazioez gain, martxoaren 15erako ere manifestazioak eta lanuzteak daude deituta.