Ekonomia -

pentsioak

CCOOk "gertu" ikusten du pentsioen erreformaren ituna eta UGTk "norabide onean" doala uste du

Alderdiak zuhurrago agertu dira. PP, esaterako, beldur da proposamenak datozen urteetako pentsioak arriskuan jarriko ote dituen. EAJ erreformaren "letra txikia" aztertu zain dago, eta EH Bilduk, "aurrerapausoak" atzeman arren, negoziatzen jarraituko duela esan du.

Unai Sordo, artxiboko argazki batean. EFE
Unai Sordo, artxiboko argazki batean.
Unai Sordo, artxiboko argazki batean. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatu eta alderdiek, orohar, eta xehetasunen zain, nahikoa balorazio positiboa egin dute Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen ministroak pentsioak erreformatzeko egin berri duen proposamenaz. Ministroak bilera batera deitu ditu gaurko sindikatuak eta enpresaburuak, Europako Batzordearen oniritzia duen testua aurkezteko. 

Unai Sordo CCOOren idazkari nagusiak, esaterako, akordioa "posible eta bideragarria" dela aurreratu du, betiere hedabideetan kaleratutakoa betetzen bada. Horren hitzetan, "aldaketa erradikala, aurrerapausoa" da jasotakoa. Dena dela, ohartarazi du "zail" ikusten duela CEOE eta Cepyme patronalak itunera biltzea. 

Antzeko adierazpenak egin ditu Pepe Alvarez UGTeko buruak ere. "Proposamena norabide onean doa, eta oso positiboa da 25 urteko zenbatekoaren edo 29 urtekoaren artean aukeratu ahal izatea", azpimarratu du. Alvarezen  arabera, "kontua diru-sarrerak igotzea da, pentsioen gastua murriztu barik. Hori eskatzen ibili gara hasieratik". 

Oraingo honetan, koalizio gobernuaren bi kideen oniritzia du Escrivaren proposamenak. Yolanda Diaz presidenteorde lehen eta Lan ministroa izan da, hain justu, akordioa iragartzen lehena. Twitterren partekatutako mezu batean nabarmendu duenez, "pentsioak indartu eta sistemaren izaera birbanatzailea sustatzea" du xede. 

Handik gutxira, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea aldeekin akordioa itxiko dutelakoan agertu da. Horren iritzian, erreformak "segurtasuna eta egonkortasuna" emango die erretiratuei. 

Oposiziotik, Esteban Gonzalez Pons PPko Ekintza Instituzionaleko idazkariordeak esan du "beldur" dela erreformak ez ote dituen gaur egungo pentsioak bermatuko "40-60 urtekoen kontura". Dena dela, aitortu du Europako Batzordearen babesa duen ezein testu "ondo gainbegiratuta" dagoela, eta beraz, iragarri du pentsiodunen eskubideak bermatzen baditu alde bozkatuko dutela. 

EAJ, "letra txikia" aztertzeko zain

Inbestidurako bazkideen artean, EAJk azaldu du telefono bidez jaso dituztela akordioaren ildo nagusiak eta zehaztu Gobernuarekin negoziatzen ari ez direla. Hori horrela, dokumentuaren "letra txikia" aztertu nahi dutela azpimarratu dute jeltzaleek. 

Bestalde, EH Bilduk esan du proposamenak koalizioaren eskakizun batzuk jasotzen dituela, eta "aurrerapausoa" dela onartu arren, "oraindik nahikoa ez" dela azpimarratu du. Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduren diputatuak txio bidez azaldu duenez, Gobernuarekin negoziatzen ari dira "pentsio duin batzuk bermatzeko, batez ere talde zaurgarrienentzat". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Pentsioak CCOO UGT