Ekonomia -
LANA
Urkullu, 4 eguneko lan-asteaz: "Ez da gai erraza, enpresen eta langileen borondatea errespetatu behar da"
Lehendakariak adierazi du enpresaburuen eta langileen arteko akordio batean oinarritu behar dela, eta gaineratu du beste herrialde batzuetako esperientzia kontuan hartuko dutela.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Iragan astean Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak 4 eguneko lan-astea ezartzeko aukera mahai gainean jarri ondotik, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du gaia oso delikatua dela kudeatzeko, eta "proposamena tentuz" egin nahi dutela, betiere enpresaren eta langileen borondatea errespetatuz.
Lehendakariaren arabera, "entsegu hau enpresaburuen eta langileen arteko akordio batean oinarritu behar da, borondatezko ekimen bat bezala hartuz".
Horretarako, produktibitatea eta soldatak mantentzeko aukera kontuan hartuko dela adierazi du lehendakariak, baita aniztasuna ere, eta gakoa enpresen eta langileen arteko akordioa lortzea dela iritzi dio. Ezer inposatu gabe, beste herrialde batzuetan egiten dena aztertu eta horien esperientzia aztertuko dutela adierazi du.
Proposamen horren harira gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan du horrelako erabaki bati "hausnarketa eta adostasun handiarekin" egin behar zaiola aurre.
Mendiak Eusko Legebiltzarrean ostiralean iragarri zuenez, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari proposatuko dio lan-berrikuntzako lantalde bat sortzea. Lantalde horretan, batetik, lau eguneko lan-astea abiaraztea aztertuko da, soldata murriztu gabe eta orduak gehitu gabe, eta, bestetik, telelana eta kontziliazioa aztertzea.