Ekonomia -

EITB Data

Ikasketa gehiagorekin, aukera zabalagoa eta lanpostu hobea al dute emakumeek?

Emakumeak enplegatuen ia erdia dira. Unibertsitate ikasketak derrigorrezko dituzten 10 lanpostutik 6 eurek dituzte. Baina, era berean, oinarrizko enpleguetan ere nagusi dira (% 65), azken hamarkadan % 6-8 puntu jaitsi bada ere.

Grafikoa: EITB Media
Grafikoa: EITB
Grafikoa: EITB Media

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urteotan andrazkoen ikasketa maila hobetu izanak eragin zuzena izan du enpleguan eta horiek lan merkatuan hartu duten lekuan. Gaur-gaurkoz, landunen ia erdiak dira Hego Euskal Herrian, EITB Dataren arabera.

Emakumeen okupazio tasak nabarmen egin du gora 2002tik, eta oraindik gizonen tasarekin parekatu ez bada ere (7 puntuko aldea dute), bi sexuen arteko arrakala 20 puntu txikitu da azken bi hamarkadetan.

Adin tarteei erreparatuta, aipagarria da 45-64 urteko emakume langileen artean izandako aldaketa. Duela 20 urte, hiru lanpostutik bat baino ez zuten betetzen; egun, ia bitik bat izatera heldu dira.

Grafikoa: EITB Media

Baina, emakume langileen kopurua igotzeaz gain, hobetu al dira euren baldintzak? Alegia, emakumeen enplegua kuantitatiboki hazteaz gain, kualitatiboki hobetu al da?

Erantzuna ez da bat eta bakarra, eta erpin asko ditu. Batetik, unibertsitate ikasketak behar dituzten 10 lanpostutik 6 eurek betetzen dituzte (zuzendaritza postuen ondotik, kualifikazio onena dutenak). 

Nolanahi ere, andrazkoak dira gehiengo (% 65) "oinarrizko okupazioak" deitzen diren horietan, kualifikazio gabeko profilak dituztenetan —hortaz, txarren ordaindutakoetan—: supermerkatuetako apal-betetzaileak, etxeko langileak, garbiketa... Dena dela, azken hamarkadako joerari erreparatzen badiogu, kategoria honetan jaitsi da gehien emakumeen presentzia, 2011-2013an % 70 baitziren. 

Ifrentzuan, 10 zuzendaritza postutik hiru bakarrik betetzen dituzte emakumeek Hego Euskal Herrian, baina, orobat, talde honetan igo da gehien emakumeen kopurua azken hamarkadan; 5-6 puntu, zehazki. 

Grafikoa: EITB Media

Badira feminizatutako jarduerak, adibidez osasuna (% 77 emakumeak), hezkuntza (% 69) edo etxeko jarduerak**; azken horretan, ia denak andrazkoak dira (% 95). Gizonak gehiengoa dira oraindik eraikuntzan (% 11 bakarrik dira emakumezkoak) edo industria arloan (% 20).

**OHARRA: Sarritan ezkutuan eta migratutako emakumeen esku dagoen sektore honetan, ordainpeko eta ogasunean aitortutako enplegua bakarrik hartu da kontuan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Feminismoa EITB Data