Ekonomia -
SALAKETA
Osakidetzako Pneumologiako LEPean irregulartasunak egon direla salatu du ELAk Fiskaltzan
2022an egindako lan eskaintza ikertzeko eskatu dio sindikatuak EAEko Fiskaltzari, "lehen azterketaren emaitza deigarriak" direla eta.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Osakidetzak iazko abenduan Pneumologia zerbitzurako egindako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) irregulartasunak egon direla uste du ELA sindikatuak, eta horiek ikertzeko eskatu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzari, gaur jarritako salaketa baten bidez.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak esan du "emaitza deigarriak" izan zirela Pneumologiako azterketetan, eta "gutxienez ikertu" egin behar direla. Besteak beste, aipatutako azterketa horietan puntuaziorik altuena lortu zuten lau pertsonak "ospitale berekoak" direla eta hori "estatistikaren ikuspegitik deigarria" dela adierazi du.
Horrez gainera, Saavedrak gehitu duenez, "deigarriak dira lortutako puntuazioak". 69 hautagaietatik 8k soilik lortu dituzte 100 puntutik 70 baino gehiago, eta zerrendako lehendabiziko laurek 82 baino gehiago eskuratu dituzte.
ELAk jakinarazi du otsailaren 13an Osakidetzari jakinarazi zizkiola gaur salatutako "irregulartasunak", "premiazko ikerketa" abian jar zezan, baina ezezko erantzuna jaso zuen. "Hurrengo egunean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen ez zuela eskatutako ikerketa irekiko, horretarako oinarririk ez zegoela iritzita... Ikerketa irekitzeari uko egiteak argi eta garbi erakusten du ez duela borondaterik bide hori egiteko", zehaztu du sindikatuak.
Gauzak horrela, Fiskaltzara jotzea erabaki du ELAk, "gertatutakoa iker dezan, horren arabera joka dezan eta, halakorik balego, dagozkion erantzukizunak argitu daitezen".
Azkenik, sindikatuak jakinarazi du behin eta berriz eskatu duela lan eskaintzetako azterketa "pertsona independenteen esku" uztea, baina Osakidetzak horri ere uko egin diola salatu du.