Ekonomia -
EB-KO INFLAZIOA
Euroguneko inflazioa % 8,5era jaitsi da otsailean
Otsailean hamarren bat jaitsi ostean, inflazioak lau hilabete jarraian egin du behera, iazko urrian % 10,6ko maila harrapatu eta gero.
Agentziak | EITB MEDIA
Euroguneko inflazioa hamarren bat jaitsi da otsailean, aurreko hilekoaren aldean, % 8,5era, Eurostat Europako Erkidegoko estatistika bulegoak gaur, osteguna, argitaratutako atariko datuaren arabera.
Aldiz, azpiko inflazioa (energia, elikagaiak, alkohola eta tabakoa baztertzen dituena aldakorragoak direlako) hiru hamarren igo zen, % 5,6raino. Prezioen igoera, energia eta elikagai freskoak alde batera utzita, % 7,4koa izan zen, aurreko hilekoa baino hamarren bat handiagoa.
Otsailean hamarren bat jaitsi ostean, inflazioak lau hilabete jarraian egin du behera, iazko urrian % 10,6ko maila harrapatu eta gero.
Prezioen hazkunde-etapa honen hasieratik lehen aldiz, elikagaien, alkoholaren eta tabakoaren kategoriako inflazioa energiarena baino handiagoa izan da (% 15ekoa, lehen kasuan, eta % 13,7koa, bigarrenean).
Inflazia herrialdez herrialde aztertuta, Espainiak euroguneko hirugarren inflazio-tasarik txikiena izan du otsailean (batez beste, % 6,1 garestitu dira prezioak bertan), Belgikan (% 5,5) eta Luxenburgon (% 4,8) bakarrik izan baitute inflazio txikiagoa.
Otsailean, euroguneko batezbestekotik beherako tasa izan duten beste herrialde batzuk Grezia (% 6,5), Zipre (% 6,7), Malta (% 7), Frantzia (% 7,2), Finlandia (% 7,9) eta Irlanda (% 8) izan ziren.
Batezbestekoaren gainetik, berriz, hauek geratu dira: Portugal (% 8,6), Herbehereak (% 8,9), Estonia (% 9,3), Eslovenia (% 9,4) eta Italia (% 9,9). Eta beste hauek dira daturik okerrena izan duten herrialdeak: Austria (% 11), Kroazia (% 11,7), Eslovakia (% 15,5), Lituania (% 17,2), Estonia (% 17,8) eta Letonia (% 20,1).