Ekonomia -
Automobilgintza
Nafarroako Volkswagen bigarren egunez geldituta egongo da, abiadura-kaxen faltagatik
Lantokira joan behar ez duten beharginentzat, bi lanaldiak aldi baterako lan-erregulazio egun gisa hartuko dira.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Volkswagenek bi eguneko geldialdia izan du asteon, ekoizpena eten behar baitu gaur, atzo bezala, piezen faltagatik. Bi egun horiek aldi baterako lan-erregulazioko egun gisa hartu dira lanera joan behar ez duten beharginentzat.
Batzordean parte hartzen duten sindikatuek jakinarazi dutenez, geldialdia abiadura-kaxa automatikoen urritasunak eragin du, eta arazo horrek asteak daramatza lantegian eragina izaten.
Enpresak langileei ohar baten bidez azaldu dienaren arabera, ez da autorik ekoitziko ez martxoaren 6an ez 7an, eta buruzagien eskutik abisua jasotzen duten beharginek soilik joan beharko dute lanera.
Lantokira joan behar ez duten langileentzat, aldi baterako lan-erregulazioko egun gisa hartuko dira bi lanaldiak.
Aurreko astean egin zuten bezala, ingurumenari, jokabide-kodeari eta kalitateari buruzko prestakuntza emango zaie goizeko eta arratsaldeko txandetan ari diren langile batzuei. Ikastaroko bi ordu horiek konpentsatzeko, egun hori lanaldi osoko egun normaltzat hartuko da, eta, beraz, ez zaie aldi baterako erregulaziorik aplikatuko.