Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Lakuntzak uste du Osakidetzak inbertsioa eta planifikazioa hobetu behar dituela
ELAko idazkari nagusiak ez du baztertu hauteskundeak baino lehen Osakidetzak grebara jotzea. "Osasun sistema publikoak eskaintzen duen zerbitzua desegiten eta okertzen ari da", erantsi du.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzari elkarrizketa egin diote gaur, astelehenarekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Bertan esan du asteburuan Euskal Autonomia Erkidegoan egin dituzten manifestazioek gizartearen nahigabea erakusten dutela, Osakidetzaren zerbitzua egunetik egunera "desegiten eta okertzen" ari dela iritzita.
"Inbertsioa eta planifikazioa hobetu behar dituzte. Eusko Jaurlaritzak ez ditu oinarrizko sektoreak zaintzen. Aurten, gainera, 20 milioi euro gutxiago bideratu ditu osasungintzara, itxaron-zerrendetan dauden pazienteen kopurua seikoztu egin da, eta diagnostiko baten zain daudenena, bikoiztu. Horrez gain, % 36 hazi dira ebakuntzetarako itxaronaldiak, eta zentro askotan murrizketak egin dituzte. Hori guztia kontuan izanda, nor da errealitatetik at dagoena, manifestazioan parte hartu zuen jendea ala lehendakaria eta Sagardui?", galdetu du.
Horregatik guztiagatik Lakuntzak ez du baztertu hauteskundeak baino lehen Osakidetzak grebara jotzea.
Egungo egoera ekonomikoaz nabarmendu du izugarri hazi direla enpresa handien etekinak, pobrezia gero eta handiagoa denean, eta, hortik abiatuta, lan hitzarmenetan arazoak areagotu direla.
Pentsioen erreforma eta Hezkuntza Sailarekin dituzten negoziazioak ere hartu ditu berbagai. "Arazo nagusia da pentsioak oso baxuak direla", azpimarratu du. Hezkuntza lege berriaren inguruan, bestalde, kezkatuta agertu da. "Haien planteamendutik oso urruti gaude, abiapuntu oso ezberdinak baititugu. Hezkuntza eredu bakarra behar dugu gurean, alegia, euskara ardatz duen hezkuntza publikoa nahi dugu", azpimarratu du.