Ekonomia -
LAN GATAZKA
Osakidetzako garbitzaileek greba egingo dute asteon
LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitutako deialdia da. Emakumezko langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute.
EITB MEDIA
Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek astebeteko greba egingo dute gaurtik aurrera martxoaren 5era bitartean, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute.
Joan den hilaren 5ean Bilbon eskaini zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten lan baldintza berberak aplikatzea, baina "hamaika bilera egin ondoren, hasieran bezalaxe gaude".
Sindikatuen esanetan, 2018an abiatu zituzten lan hitzarmen berriaren negoziazioak, "erraza" izango zela sinetsita, "gai jakin batzuk Osakidetzaren barruan lortu diren akordio berrietara egokitu eta eguneratu behar izatea" eskatzen baitzuten.
"Hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da. Ikusten ari gara enpresek eta bezeroak (Osakidetza) ez dutela homologazio printzipioa betetzen, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari", gaineratu dute.
Greba deitu duten sindikatuen arabera, ez dute homologaziotik harago joatea eskatzen, baldintza berdinak aplikatzea baizik: garapen profesionalaren deialdietara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa izatea, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea eta Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak izatea.
Enpresak "jarrera erosoan" kokatu direla eta erantzukizuna Osakidetzako zuzendaritzari egotzi diotela salatu dute sindikatuek. "Ez dute sindikatuekin ezer ere adostu nahi, Osakidetzaren zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada", gehitu dute.