Ekonomia -

Lan-gatazka

Kutxabankeko grebak 10 bulegotik 9 itxi ditu

Euskal Herritik kanpoko bulegoetan ere "jarraipena oso altua" izan omen da, kasu batzuetan "probintziako bulegoen % 100a itxita", sindikatuen arabera. Negoziatzeko eskatu diote zuzendaritzari. Kutxabankek, aldiz, esan du grebaren jarraipena % 60koa izan dela.

Kutxabankeko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: EITB
Kutxabankeko langileen protesta, Bilbon. Argazkia: EITB
Greba eguna Kutxabanken langile falta eta presioa salatzeko

0:39

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuen arabera, Kutxabanken EAEko bulegoen % 90 eta Nafarroako guzti-guztiak itxita egon dira banketxeko sindikatuek (ELA, CCOO, Pixkanaka, ALE, LAB eta Asporbank) lan-karga arinduko duten kontratazioak eskatzeko deitu duten lehenengo greba egunean.

Kutxabankek, ostera, esan du grebaren jarraipena % 60koa izan dela, eta ziurtatu du "beti" pentsatzen duela "langileen ongizatean", "sektoreko hitzarmenik onena" eta "soldata igoerarik handiena" baititu, erakundeko iturriek adierazi dutenez.

Ehunka pertsona Bilbon elkartu dira, Kale Nagusian Kutxabankek duen egoitzaren aurrean, "langile gehiago, kalitate gehiago, presio gutxiago eta segurtasun handiagoa" lelopean.

Lanuztean parte hartu duten langileen ehuneko zehatza zabaldu ez badute ere, "ziur esan dezakegu Kutxabanken bulegoen % 90 itxita daudela EAEn, eta Nafarroan % 100a itxi direla", adierazi du Oiana Lasagabaster ELAko ordezkariak.

Estatuko gainerako bulegoetan "jarraipena oso altua" izan da, eta "probintzia batzuetan bulego guztiak daude itxita".

Hori horrela, greba "guztiz arrakastatsua" izan dela azpimarratu dute, eta horregatik, sindikatuek espero dute zuzendaritzak entzun egingo diela eta negoziatu egingo duela langileen egoera "iraultzeko".

Kutxabankek "harro esaten du Estatuko kaudimen handiena duela. Etekin handiak ditu urtero eta, hala ere, langileak gaizki tratatzen ditu, geroz eta lan-karga handiagoarekin, presio komertzial handiarekin", eta horrek langileen "osasuna narriatzen" du, salatu dute.

Sindikatuen arabera, Kutxabankek iragarri dituen 75 kontratazioak "ez dira nahikoa" egungo lan-kargari aurre egiteko, eta gainera, ez dute zehaztu horietatik zenbat diren "jada erakundearen barruan daudenak, beraz, ezin dugu jakin berriak diren ala egun indarrean dauden lanpostuen egonkortzeak diren".

Gainerako kontratazioen inguruan ere ez omen dute informaziorik. Ondorioz, ez dakite "zein baldintzatan eta nola banatuko dituzten". Horregatik, informazioa eta iragarritako kontratazioak halako bi egiteko eskatu dute.

Sindikatuentzat historikoa da gaurko greba eguna, duela bi urte lan-hitzarmenaren negoziazioan lehenengo greba deitu bazuten ere, gaurkoan lehenengo aldiz sindikatu guztiek egin dutelako bat eta langileen babesa ia erabatekoa izan delako.

Kutxabankeko iturriek azaldu dutenez, ez datoz bat sindikatuek greba deitzeko erabili dituzten argudioekin. Hain zuzen ere, ziurtatu dute bankuak "sektoreko langileen errotazio txikiena" duela, eta "sektoreko batez bestekoak baino langile eta bulego kopurua gutxiago murriztu" izan dituela.

Anton Arriola buru duen bankuak azpimarratu duenez, "negoziatzen jarraitzeko prest dago beti".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Kutxabank Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO Lan gatazkak