Ekonomia -
ETXEBIZITZA
% 8,6 hipoteka gehiago sinatu dira EAEn 2022an, eta % 4,6 gutxiago, Nafarroan
Guztira, 27.858 hipoteka sinatu dira Hego Euskal Herrian: 22 905 EAEn eta 4.953 Nafarroan, hurrenez hurren.
EITB MEDIA
Iaz, urtarriletik abendura, 22.905 hipoteka sinatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta 4.953 Nafarroan. EAEn, aurreko urtean baino % 8,6 hipoteka gehiago sinatu dituzte bankuek eta bezeroek; Nafarroan, ostera, % 4,6 gutxiago izan dira.
Espainiako Estatuari dagokionez, igoera % 10,9koa izan da (463.614 hipoteka), Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera.
Mailegatutako kapitala ere zenbatu da. EAEn, 3671,8 milioi euro mailegatu dira, 2021ean baino % 10,6 gehiago, eta Nafarroan, ostera, 650 milioi euro.
Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez, abenduan etxebizitzen gaineko 1.307 hipoteka erregistratu ziren EAEn, azaroan baino % 30,3 gutxiago eta 2021eko abenduan baino % 21,9 gutxiago; Nafarroan, berriz, 360 hipoteka sinatu ziren abenduan, azaroan baino % 3,5 gutxiago eta 2021eko abenduan baino % 5,6 gehiago.