Ekonomia -
EUROPAKO FUNTSAK
Europako funtsek Euskadiko 90.000 laguni baino gehiagori arreta emango diela iragarri du Jaurlaritzak
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak iragarri duenez, pobrezian bizi direnei eta desgaitasuna dutenei lan merkatuan sartzen laguntzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko erabiliko dira.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak, Lan Ministerioak eta Europako Batzordeko ordezkariek Europako Gizarte Funtsa aurkeztu dute asteazken honetan, 7 urteko gizarte plan. Funts horren bidez, 197 milioi eurotik gorako ekimenak aurreikusi dituzte egoera zaurgarrian bizi diren 90.000 pertsona baino gehiagori babesa emateko. Europak 79 milioi jarriko ditu.
Funts horiek gizarteratzeko arazo handienak dituztenengana iritsiko dira Euskadin; izan ere, pobrezian bizi direnei eta desgaitasuna dutenei lan merkatuan sartzen laguntzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko erabiliko dira.
Hala iragarri du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak prentsaurrekoan, eta planaren garrantzia azpimarratzeaz gain, "Euskadiren hazkunde inklusiborako, lan-merkatua modernizatzeko eta pertsona ahulenak babesteko" balioko duela esan du.
Halaber, funts horrek bi alderdi "bereizezin" dituela nabarmendu du: enplegua eta gizarteratzea. Testuinguru horretan jakinarazi du erabiliko den zenbatekoaren erdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko duela, enplegu-politika aktiboetan eskuduna den aldetik, eta beste erdia kanpoko erakundeek gauzatuko dutela, kolektibo ahulenei laguntza emateko.