Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ansola: "Parke eolikoek eragina dute ingurumenean, baina baita isurietan ere"

"Energia berriztagarriak behar genituen aldaketa klimatikoari aurre egiteko, eta bide horretan aritu gara lanean, baina, azken urte honetan, Ukrainako gerra hasi zenetik, areagotu egin da behar hori", azaldu du Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak.

Iñigo Ansola, director general del EVE, Ente Vasco de la Energía
Iñigo Ansola, director general del EVE, Ente Vasco de la Energía
Iñigo Ansola, director general del EVE, Ente Vasco de la Energía

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola izan da gaur, asteazkenarekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, eta, bertan esan duenez, agerian geratu da Europaren mendekotasun energetikoa. "Energia berriztagarriak behar genituen aldaketa klimatikoari aurre egiteko, eta bide horretan aritu gara lanean, baina, azken urte honetan, Ukrainako gerra hasi zenetik, areagotu egin da behar hori", azaldu du. Horrekin lotuta, gasaren eta argindarraren prezioen igoerak etenik izango ote duen galdetuta, ez du gehiegi busti nahi izan, "zaila" iruditzen zaiolako aurreikuspenak egitea, egoera egun batetik bestera alda daitekeela iritzita.

Gaurkotasuna bazter utzi gabe, Labraza eta Azazetako parke eolikoak hizpide hartuta, zenbat eta energia berriztagarri gehiago izan, orduan eta hidrokarburo gutxiago egongo dela, eta, ondorioz, argindarraren prezioa jaitsi egingo dela azaldu du. "Espero dut bi proiektu horiek lehenbailehen gauzatzea", gaineratu du.

Parke bakoitzak 40 megawatteko potentzia izango du, baina, Ansolaren hitzetan, "bidea ez da hor bukatzen, energia berriztagarri gehiago behar ditugu". "Egia da gisa horretako parkeek eragina dutela ingurumenean, baina baita isurietan ere. Gure erronka nagusia da proiektu horiek gizarteratzen jakitea, hau da, nolabait inguruko herritarrentzat onuragarri izatea, dela energetikoki, dela haien parte hartzea bideratuz", erantsi du.

Halaber, ideia ona iruditu zaio parke eolikoak berritzea. "Dena den, parke bakoitzaren negozio plana bukatu arte ez da horrelakorik eginbehar. Parkeak berrituta ez dugu lortuko behar dugun energia berriztagarri guztia, horregatik behar ditugu parke gehiago", nabarmendu du.

2022ko abuztutik martxan den kontingentzia planaren emaitzekin pozik agertu da: "Bide onetik goaz gas naturalaren kontsumoari dagokionez, % 20 txikitu baita".

Bukatzeko, Iberdrolaren iazko etekinei buruz esan du "albiste ona" dela. "Euskal enpresa bat denez, irabazi horiek euskal herritar guztiengan dute eragina. Alegia, zerbitzu publiko guztietan kalitate adierazle onak izaten laguntzen dute", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena azken ordukoa Elektrizitatea Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia gaur